Muturrekoa jaso du Barça Bk Artalekun

2015/11/14
Muturrekoa jaso du Barça Bk Artalekun

BIDASOA: Dejanovic, Zubiria, Cavero (2), Martínez (6), Crowley (6), Beltza (1), Portero (3), Bezbradica, Villar, Vázquez, Kauldi (6), Davidovic, Muiña (2), Mouriño (7),Azkue (4).

BARCELONA B : Amigo (2), Castro (1), Ceretta, Deumal (5), Galán (1), Gómez (5), Laliga (1), Ledo, León, Márquez (6), Pérez, Revuelta, Rey, Ruesga (5), Tremps (3), Cerezo.

MARKAGAILUA: 3-1, 5-3, 10-3, 14-6, 18-8, 22-11 (atsedenaldia); 24-15, 26-18, 30-25, 32-26, 37-29.

Indarberrituta bueltatu da Bidasoa-Irun Ohorezko B Mailako etenaren ondoren. Motibazio bikoitza zuen, aurreko jardunaldian Palma del Rion galdu zuelako, eta aurkaria Barça B zelako. Carlos Ruesga munduko txapeldunarekin indartuta iritsi dira kataluniarrak. Belauneko lesio larri baten ondoren, filialarekin bueltatu da Ruesga kantxara. Neurketa orekatua espero zuen mundu guztiak, baina kontrako bidea hartu du hasieratik.

Goi mailako lehen zatia egin du Bidasoak. Defentsan sendo ibili da, eta kontraerasoan gol sorta ederra sartzeko balio izan dio. Gainerako erasoetan ere, eraginkortasun handia izan dute horiek. Bederatzi goleko abantaila lortu du Bidasoak 15.minutuan, Markel Beltzak kontraerasoan 12-3koa egin duenean. Sarraskia gelditzeko irtenbide ezberdinekin saiatu da filiala, baina ezin izan dio talde bidasoarrari oztoporik jarri. 22-11ko adierazgarria jarri du Jon Azkuek lehen zatiko azken erasoan.

Hasierako nagusitasuna galdu du Bidasoak aldagelatik bueltan. Barcelonak hobera egin du, eta pixkanaka hurbilduz joan da markagailuan. 29-25eko kezkagarria sartu du filialak 19.minutuan. Lauko abantailak ziztrina zirudien, atsedenaldiko emaitzaren aldean. Larriunea izan badu ere, buelta ematea lortu du Bidasoak. 32-25ekoa sartu du Kauldik 22.ean, aurkariaren defentsan hutsunea topatuta. Hegalean bezain ondo moldatu da zumaiarra lateralean. Lehia erabakita sartu da Bidasoa azken bost minutuetan, zazpi goleko abantailarekin. Amaiera lasaia izan du norgehiagokak.