MUNGIA JAUN ETA JABE
Garaipena eskuratuta playoff postuak hurbilago izango zituen Erroibidek, baina min ematen duen porrota jasan zuten irundarrek Mungiako kiroldegian. 90-55 nagusitu zen Mungia Saskibaloi Taldea, erreboteko lanak eta 12 hiruko asmatzeak Irundarren esperantza guztiak zapuztu zituzten.
Partidu hasieratik etxeko taldeak euren indarguneak erakutsi zituen. Erroibideko jokalariak baino zentrimetro gehiagorekin, taldeko jokalari altuenak bilatu zituzten laguntzak jasotzeko eta hiruko erosoak botatzeko. Normalean mungiarrek lau hiruko sartzen dute partiduko, baina larunbatean 12 sartu zituzten. Lehen laurdena 23-10 bukatu zen, 13 puntuko aldeari buelta eman behar zuten Sergio Martinen taldeak.
Bigarren zatian irundarrek jokoa hobetu zuten, baina Mungiarrek altuera eta punteriaz gain, jokalari zenbakia ere alde zuten. Zortzi jokalarirekin bidaiatu zuen Erroibidek Mungiara eta nekean nabaritu zen. Hiru punturengatik galdu zuten bigarren laurdena irundarrek eta norgehiagoka atsedenaldira 43-27ko markagailuarekin iritsi zen.
Hirugarren laurdena oso ongi hasi zuten irundarrek, hamar puntuetako distantziara hurbildu ziren ere, baina hamar puntuko muga gainditzean zeudenean, jabetzaren amaieran laukian jo eta gero hiruko bat eskuratu zuen Mungiak eta berriro ere, norgehiagokak ihes egin zitzaion Erroibideri. Zoria ere alde zuten. Hirugarren laurdena ere bizkaitarren aldekoa izan zen, 22-18 hain zuzen ere (65-45).
Erroibideko jokalarien nekea nabaria zen azken laurdenean eta azken minutuak tramite bat izan zen etxeko taldearentzat. Mungiarren jokalari guztiek jolastu zuten eta pixkanaka pixkanaka markagailuko distantzia handitzen joan ziren 40.minutua iritsi zen arte.
Horrela irundarrak denboraldiko lehen zatia zortzigarren postuan bukatzen dute, playoff postuak hiru garaipenetara izanik. Hurrengo astean atsedena izango dute, baina bi aste barru San Prudentzio gasteiztarren aurka arituko dira bigarren bueltako lehen jardunaldian.