MUNDUKO TALDE ONENAREN AURKA, 1.500 AHOTS
Sacyr Asobal Ligako hirugarren jardunaldian, Artalekun 1.500 eztarri batuko diren egun berean, C.D. Bidasoak Sacyr Asobal Ligako eta EHF Champions Leagueko txapelduna jasoko du. Laguntza ederra, “munduko talde onenaren aurka lehiatzeko”.
Iritsi da, aurten nahiko goiz, urtero eskubaloi zaleek ikusteko gogoko dute neurketa. Larunbatean, 15:00etan, Artalekun, Jacobo Cuetarak dioen bezala, “munduko talde onenaren aurka” lehiatuko da Bidasoa. Pasa den sasoiko txapelduna eta txapeldunordea nor baino nor gehiago ariko dira. Aldaketetan murgilduta daude kataluniarrak, zuzendaritza, teknikari eta jokalari berriek osatzen dute taldea, baina ahalguztidunak izaten jarraitzen dute. Ez daude Pallmarson, Dolenec, Entrerrios eta Moller, baina huen ordez, Richardson, Angel Fernandez, Ali Zein eta Maciel iritsi dira.
Erronka zaila ez eta C.D. Bidasoari min hartutako jokalarien zerrendan taldean pisua duen jokalari berri bat batu behar zaio: Rodrgio Salinas. “Jon Azkuek eta Julen Aginagaldek ez dute Bartzelonaren aurka jokatuko eta %95 Rodrigo Salinasek ezta”, horrela azaldu du txiletarraren baja Cuetara teknikariak. Cangaseko neurketan abduktorean min hartu zuen eta nahiz eta oraindik jokatzeko aukerak dituen, ez dirudi entrenatzaile asturiarrak arriskatu nahi duenik: “Min hartutako jokalariak ikusirik, bigarren taldeko 4-5 jokalari igoko ditugu. Ez da arriskatzeko eguna, daudenek neurketaz disfrutatu eta sasoiko erritmoa hartzen jarraitu beharko dute”.
Partidu zaila den arren, “jokatzeko polita dela” aitortu du Jacobo Cuetarak. 1.500 jarraitzailek segitu ahalko dute zuzenean C.D. Bidasoaren eta Bartzelonaren aurkako partidua, alde horretatik, “neurketa polita izango da, pixakanaka bada ere, aurpegi gehiago ikusten ditugu harmailetan. Horrelako neurketetan zaleen indarra hurbil sentitzen dugu eta laguntza handia izango da guretzat”. Zaila bai, baina talde irundarrak Bartzelonaren maila ahalik eta gehien hurbiltzea izango du helburu, azken urteetan Bartzelona garaitzetik hurbilen izan den taldea da C.D. Bidasoa. “Pasa den denboraldian ligan eta Europako txapelketan partidu bakar bat ere galdu ez zuen taldearen aurka jokatuko dugu, gure eta haien arteko diferentzia handia da, baina euren mailara ahalik eta gehien hurbiltzen saiatuko gara”, gaineratu du C.D. Bidasoaren entrenatzaileak.
Zaila da jakitea zein den gakoa Bartzelona ahuldu eta garaipena eskuratzeko aukera ñimiñoa lortzeko. Haatik, emaitza ona lortzeko bidean, defentsako lan sendoan jarri du Jacobo Cuetarak arreta: “Defentsako lan ona egin dugunean gozatu dugu gehien Bartzelonaren aurka. Gure erasoan jokaldiak ondo hautatzen baditugu eta kontraerasoak oztopatzen baditugu, markagailuan gertuago egoteko aukerak izango ditugu”.
Motza, baino errotazio hobea.
Atzo jakinarazi zuen C.D. Bidasoak Leo Renaud-David ezker alboko jokalariaren bigarren itzulera. Jokalariak behar zituen Cuetarak, hainbatetan plantila motza zuela ohartarazi zuen eta dagoeneko 15 dira talde irundarrean profesional fitxak dituzten jokalariak. Honi buruz galdetuta, “Leo Renaud bezalako jokalariaren laguntza handia izango da, baina jokatuko ditugun neurketa kopuruak haintzat hartuta, egoera hobetu bai, baina errotazioa motza izaten segitzen du”, ihardetsi du.