MILOS ORBOVIC BIDASOAREN HEGALEKO BERRIA
Bidasoak atzo ezagutarazi zuen 26 urteko jokalari serbiarra urte baterako sinatu dutela Rodrigo Salinasekin batera ezker hegalean aritzeko
Bidasoa eta Milos Orbovic jokalaria (Vrbas, Serbia, 1993ko azaroaren 2an) akordio batera iritsi dira urtebeteko kontratua sinatzeko. Aurreko denboraldian SCM Politehnica Timișoara talde errumaniarran jokatu zuen eta esan bezala, sinatu berri duten kontratua denboraldi baterako da.
94kg pisatzen eta 1,96m neurtzen duen jokalari serbiarra ezker hegalean aritzen da eta bere karreran zehar, defentsan zein erasoan aritu izan da. Timisoarako Politeknikan jokatu baino lehen, Vojvodina taldean aritu zen eta bertan 21 urte zituela Champions Leaguean debutatu zuen 2014-2015 denboraldian. 2015-2016 denboraldian ere Champions Leagueko multzoen fasean jokatu zuen eta 10 partiduetan 27 gol erdietsi zituen. Serbiako selekzioarekin internazionala da Orbovic eta Danimarka eta Alemaniako azken mundialean jokatu zuen.