Mikel Llorente: “Triste gaude aukera polita zelako eta gogoz eta indarrez lanean ari ginelako, baina hau futbola da”
Mikel Llorente prentsaren aitzinean azaldu da gaur, Real Uniongo entrenatzaile moduan azken agurra emateko. Klub txuribeltzak atzo jakinarazi zion bertze prestatzaile batengatik ordezkatuko zuela eta hondarribiarrak erabaki honen “ardura” hartu du eskerrak emanez. Azken bi urteetan lehen taldeko gidaritzatik pasatu den seigarren entrenatzailea da Llorente.
Lehenik eta behin, Igor Emery Real Uniongo Administrazio Kontseiluko presidenteari eskerrak eman nahi izan dizkio Mikel Llorentek, “Real Uniongo entrenatzaile izateko aukera emateagatik”. Azken asteetan, taldea emaitza txarren boladan sartua bazegoen ere, teknikariak “energiarekin eta indarrez” zeudela aipatu du Llorentek, “konbentziturik egoera aurrera eramaten ahal genuela”. Atzo bukatu zitzaien hau erakusteko aukera eta beraz, “azken asteetan taldearen gehienezko errendimendua ez ateratzearen ardura” hartzea egokitu zaie orain.
Real Union osatzen duten bertze hainbat pertsonei ere eskerrak eman nahi izan dizkie Llorentek. Ofizinako langileak, ostatukoak, utilleroak eta mediku zerbitzuak aipatu ditu lehenik, eta “egunerokoa errazteagatik eta laguntza eskaintzeagatik” eskertu die. Harrobian lanean ari diren pertsonei eskerrak eman die gero, “hurbil egoteagatik”, baita jokalari guztiei ere, “erraztasunak jarri dituztenei laguntzeagatik eta zailtasunak jarri dituztenei euren burua hobetuarazteagatik”. Lehen taldeko staff-ean lanean ari ziren eta ariko direnei ere keinu bat egin die, baita berekin batera orain ordezkatuko dituzten Aimar Sagastibeltza eta Jorge Alvarez ere: “Nirekin batera etorri zineten eta erronka hau ilusioz hartu zenuten. Nire euskarria izan zarete egunez egun”. Real Uniongo informazioarekin lanean diharduten kazetariak ere izan ditu gogoan, “errespetuz” aritzeagatik. Afizioa aipatu du azkenik, eta animatzen segitzera bultzatu ditu.
Bere azken hitzetan, familia izan du ahoan hondarribiarrak, “gehien sufritu dutenak” izan baitira: “Nire familiak benetan sufritu du niregatik, batez ere nik jasandako errespetu faltengatik. Alde horretatik, lasai gelditzen naiz, beraiek ere lasaiago egongo direlako. Zaila da zure familia zu ikustera datorrenean eta nahigabetuta doanean, zureganako errespetu faltengatik”.
Mikel Llorentek onartu duenez, “triste gaude aukera polita zelako. Ilusioz ginen hasieratik, baina hau futbola da”. “Klubari, jokalariei eta zuei, pertsonalki, onena opa dizuet”, erranez bukatu du gaurko agurra.
Igor Emeryk ere esker oneko hitzak izan ditu Llorenterentzat
Real Uniongo Administrazio Kontseiluko presidenteak eskerrak eman nahi izan dizkio Mikel Llorenteri: “Klubaren izenean, eskerrak eman Mikeli, Aimarri eta Jorgeri, iritsi zinetenetik egindako lan guztiagatik”. Euren lan egiteko moduan, “ilusioa eta konpromezua” ez dela faltatu ere azpimarratu du, “erantzunkizun handiarekin gainera”. Azkenean, “gauzak ez direla nahi bezala atera” aipatu du Emeryk, baina Mikel Llorentek beregan “betirako lagun bat” izanen duela oroitarazi du.