Mikel Llorente: “Partidu garrantzitsua izango da berriro ere dinamika onean sartzeko”
Real Unionek neurketa garrantzitsua jokatuko du igande honetan, azaroaren 24an, 12:00etan Stadium Galen. Ourense CF jasoko dute etxean txuribeltzek eta emaitza ona ziurtatuko nahiko dute bertan, pasa den asteburuko jardunaldikoa ahazteko eta berriz ere dinamika onetan sartzeko.
Mikel Llorente entrenatzaileak igandeko Ourenseren kontrako partidua “garrantzitsua” izanen dela azpimarratu du atariko prentsaurrekoan: “Aurreko astean kontrara jaso genuen emaitza ikusita, sentsazioa dugu partidu garrantzitsua izango dela, berriz ere dinamika onean sartzeko”.
Ourense ere “ongi lehiatzen” ari dela onartu du hondarribiarrak. Azken hiru asteetan entrenatzaile berri batekin lanean ari da taldea eta, itxuraz, lan ona egiten ari dira: “Hiru partidu dira entrenatzaile berriarekin eta sentsazio onak transmititzen dituzte. Taldea oso erasokorra da jokoan eta zailtasunetan jarriko gaituzte. Partidu handia egin zuten Tarazonaren kontra eta, orokorrean, ongi lehiatzen ari dira”.
Igandeko partidua baino lehen, bertze bi saio gelditzen zaizkio Real Unioni. Aste honetan, “buruak lantzen” aritu direla adierazi du entrenatzaileak. “Jendea lasaitzen ibili gara eta segurtasuna ematen. Hitzaldi indibidualak egin ditugu eta bideo kolektiboak. Zelaian, asko landu ditugu neurketan eman daitezkeen egoera desberdinak”.
Taldea beraz, gogoz eta prest dago igandean puntuak ateratzeko. Pasa den asteburuko porrot mingarriari buelta emateko beharrezkoa izanen zaie neurketa ona egin eta irabazten saiatzea.