Mikel Llorente: “Maila altuagoetan ere jokatzeko gaitasuna du aurkariak eta gogorra izango da”
Real Union Stadium Galera bueltatuko da asteburu honetan, urriaren 26an, Gimnàstic Tarragona taldea jasotzeko. 15:30ean hasiko da neurketa eta etxekoek garaipenaren bila aterako dira zelaira lehen minututik. Aurkari gogorra izanen dute aitzinean, pasa den denboraldian Bigarren Mailan aritzeko aukera eskura eduki zuena. Hala ere, detaileetan begira jarrita, ahalik eta joko onena erakusten saiatuko dira txuribeltzak.
Mikel Llorente entrenatzaileak gaur goizeko prentsaurrekoan aipatu duen moduan, Gimnástic Tarragona “izugarrizko maila duen taldea da”. “Lehengo urtean Bigarren Mailara igotzeko aukera galdu zuten azken minutuan”, gaineratu du. Argi dago beraz, jokalariek Lehen RFEF Mailan eta gorago aritzeko gaitasuna dutela eta horrelaxe onartu du Llorentek ere: “Maila honetan jokatzeko gaitasun handia dute, eta jokalari batzuk ere beste maila altuago batean jokatzekoa ere. Arerio oso gogorra da”.
Edonola ere, Real Union “gogoz” dago “berriz ere garaipena lortzeko”, entrenatzaileak azpimarratu duen moduan. Astean zehar, beti bezala, “taldeak oso ondo lan egin” duela jakinarazi du hondarribiarrak, eta “kexarik ez” duela. Hala ere, oraingo honetan euren jokoaren maila pixka bat handitu beharko dutela adierazi du: “Ea orain gai garen maila pixka bat altuagoa emateko garaipena eskuratu ahal izateko”.
Puntuak Galen gelditzeko gakoen harira, “protagonistak izan behar” direla erran du Llorente, baina hori soilik ez dela nahikoa izanen ere gaineratu du: “Gako asko daude. Protagonistak izan behar gara, baina gaitasuna ere eduki behar dugu partidua aurrera eramateko. Detaile txikiak, estrategiako jokaldiak eta gauza guztiak dira garrantzitsuak maila honetan, bestela partiduak alde egiten dizu toki guztietatik”.
Beraz, hori guztia kontuan edukiko dute bihar Real Uniongo jokalariek, Gimnástic Tarragonari puntuak kentzeko. Zaleak bertan egotea espero dute txuribeltzek, nahiz eta ordutegsia (15:30) ez izan eurentzen hoberena.