Mikel Llorente: “Jendeak dezente estutzen du etxeko taldearen alde eta polita bada ere, zaila izango da”
Real Unionek Unionistas CF bisitatuko du asteburu honetan. Zehazki, igandean (azaroaren 3an), jokatuko dutela elkarren kontrako partidua, 12:00etan. Ortziraleko eta larunbaterako saioak falta zaizkio taldeari neurketa prestatu eta gakoak fintzeko, baina hala ere, etxetik kanpo puntuak eskuratu nahi dituztela argi utzi du Mikel Llorente entrenatzaileak.
“Astea normaltasunez” joan dela aipatu du Mikel Llorente entrenatzaileak. “Irabazi edo galdu, lanean jarraitu behar dugu eta hurrengo partidua prestatu”, gaineratu du. Oraindik ere, igandeko neurketa baino lehen, bertze bi saio gelditzen zaizkio taldeari eta horietan landuko dituzte aurkaria gainditzeko beharrezko detaileak.
Unionistas “arerio oso gogorra” dela azpimarratu du Llorentek. Euren zelaian “jende dezente” egoten dela jakinarazi du eta horiek guztiek “asko estutzen dutela etxeko taldearen alde”. Hori “polita bada ere, zaila” izaten dela onartu du entrenatzaileak. Horrez gain, aurkaria “talde lehiakorra” dela ere aipatu du, baina txuribeltzak prest direla “etxetik kanpo pausu bat gehiago emateko”.
Real Unionek “bere ideietan pausuak ematen” segitu du aste honetan zehar eta bihartik aitzinera, aurkarian zentratuko da gehiago, partidua prestatzeko asmotan. Pasa den asteburuan, garaipenaren bidean sartuta, talde irundarrara gogoz dago puntuak Irunera bueltan ekartzeko.