MIKEL LLORENTE: “GURE NAHIA IDENTITATE PROPIO BAT EDUKITZEA DA ETA HORTAN GAUDE”

2024/08/30
MIKEL LLORENTE: “GURE NAHIA IDENTITATE PROPIO BAT EDUKITZEA DA ETA HORTAN GAUDE”

Real Unionek igandean Stadium Galen jokatuko du lehen aldiz denboraldi honetan, Celta Fortuna taldearen kontra

2024/35 denboraldiko lehen jardunaldia gaindituta, bigarrenean garaipenaren bila aterako da Real Union. Eskenatoki berezia izanen du gainera, etxeko zaleak hurbil izanen dituelako bigarren jardunaldi honetan. Lehen aldiz zaleen aitzinean ariko da talde txuribeltza, Stadium Galen, eta bertan jasoko du Celta Fortuna taldea. Neurketa igandean ospatuko da, irailaren lehenean, 18:00etan.

Barçaren kontrako berdindu ondotik, joko bera zelairatu nahi du Real Unionek igande honetan (irailaren 1ean) Stadium Galen. Etxeko jendea hurbil izanen du oraingo honetan, eta euren babesa ere garrantzitsua izanen dela azpimarratu du Mikel Llorente entrenatzaileak: “Aurten zaletuekin konexio berezia egotea nahi dugu. Hau da etxean jokatuko dugun lehenengo partidua eta gogoz gaude horretarako”.

Celta Fortuna jasoko du talde txuribeltzak denboraldiko bigarren jardunaldia jokatzeko. Harrobiko taldea da hau ere eta horregatik beragatik, aurkari gogorra izan daitekeela aipatu du Llorentek: “Antzekotasunak ditu lehenengo partiduarekin, testuinguru nahiko berdineko taldeak dira. Oso gazteak dira, dinamikoak eta erritmo altutan aritzen direnak. Asko exijituko gaituzte”.

Edonola ere, txuribeltzak erronkari ongi heltzeko “prest” daudela argitu du entrenatzaileak. Hamaikakoa osatzeko zailtasunak izanen ditu aste honetan ere eta hori “seinale ona” dela aipatu du, jokalari guztiak prest daudelako partidua jokatzeko. Horrez gain, “identitate propio bat” lantzen ari dira eta, onartu duen moduan, ongi gainera. Neurketaren aitzinetik gelditzen zaizkien azken bi saioetan xehetasun ttikiak landuko badituzte ere, ez dute nahi astero-astero aurkariek euren entrenatzeko modua baldintzatzea: “Garbi dugu gure identitate propioa eduki nahi dugula. Ez dugu nahi aurkariek gure asteko lana baldintzatzea. Berezitasunak egonen dira asteko azken saioetan, detaile ttikiak, baina bestele gure estiloa landuko dugu eta hortan gaude”.

Lehen garaipena eskuratzen saiatuko da Real Union igande honetan, Celta Fortunaren kontra. Erraza izanen ez bada ere, taldea prest dago eta entrenatzaileak ere konfiantza osoa erakutsi du jokalari guztiengan. Etxean, zaleen aitzinean, jokatuko dute lehen aldiz denboraldi honetan eta itxura ona emanda bukatu nahi dute jardunaldia, eta zergatik ez, puntu guztiak batuta.