Mikel Llorente: “Gure bertsiorik onena ematen saiatu behar gara”

2024/11/29
Real Unionek CD Lugo bisitatuko du igande honetan, abenduaren lehenean, 15:30ean. Azken asteetako bolada txarrari bukaera eman nahi diote Anxo Carron eta horretarako, ahal bezain hobekin jokatzeko prest dago taldea.
Mikel Llorente: “Gure bertsiorik onena ematen saiatu behar gara”

Real Unionek CD Lugo bisitatuko du Anxo Carron igande honetan, abenduaren 1ean, 15:30ean. Azken asteetan talde txuribeltzak ez ditu nahi bezalako emaitzak lortu eta honi buelta emateko gogotsu dago. Ahalik eta joko onena zelairatu beharko dute horretarako eta aurkariaren indarguneak kontrolpean eduki. 

Mikel Llorentek taldea “gogotsu” dagoela argi utzi du igandeko partiduko atariko prentsaurrekoan. “Garaipen bat lortzeko eta dinamika aldatzeko” talde txuribeltzak beharrezko lana egin nahi du Lugoren kontra. Entrenatzaileak azpimarratu duenez, hori lortzeko “Anxo Carro eszenatoki polita da”. 

Fisikoki baino mentalki landu dute hurrengo neurketa hau. “Buruak asko limitatzen du. Jokalarien nahia beti da beraien bertsiorik onena ematea, baina askotan buruko gainkargak murriztu egiten dizkie gaitasunak. Guk plan egokia egiten saiatu gara eta jokalariak lasaitzen, egoera seguruak sortzen beraien %100 eman dezaten”, erran du hondarribiarrak. 

Hain zuzen ere, aurkariari begiratzeaz gain, euren buruei begiratu diete aste honetan zehar, hori izanen baita garaipena eskuratzeko gakoa Llorenteren ustez. Adierazi duenez, “gu gara gakoa. Gure bertsiorik onena ematen saiatu behar gara. Hori ez badugu egiten, zaila izango da”. Gaineratu duenez, “asko zentratu gara gure jokalariengan. Aurrera pausu bat eman behar dugu ahalik eta hobekien jokatzeko”. Edonola ere, “puntualki”, arerioari ere begiratu diote, “bere indarguneak” ikusteko eta horiek “kontrolpean edukitzeko”.