Mikel Llorente: “Gakoa momentuan bertan taldeak behar duena antzematea izango da eta plana aurrera eramatea”

2024/11/08
Unionistasen kontrako porrotaren ondotik, Real Union prest dago etxean garaipena eskuratzeko. Arerio gogorra izango du talde txuribeltzak, izan ere, SD Ponferradina jasoko du bihar (azaroak 9) 17:30ean.
Mikel Llorente: “Gakoa momentuan bertan taldeak behar duena antzematea izango da eta plana aurrera eramatea”

Real Unionek SD Ponferradina jasoko du bihar, azaroaren 9an, 17:30ean Stadium Galen. Unionistas taldearen kontrako porrot gogorraren ondotik, taldeak lan egin du astean zehar hurrengo erronkei aitzin egiteko eta etxean garaipena eskuratzen saiatzeko. 

Mikel Llorente Real Uniongo entrenatzaileak taldea “etxean sendo” dagoela aipatu du eta alde horretatik, euren alde izanen dela biharko SD Ponferradinaren kontrako partidua. Hala ere, arerioa “oso gogorra” izanen dela onartu du prestatzaileak, “indibidualki oso jokalari onak dituelako eta argi dagoelako taldeak duen maila izugarria”. Adibide bat ere jarri du Llorentek. Markel Lozano Ponferradinako jokalaria, izugarri ona dela adierazi du eta, aldi berean, jakinarazi du ez dela jokoan parte hartzen ari, taldeak duen mailaren adierazgarri. 

Astean zehar ongi lan egin dutela azpimarratu du bertze behin Llorentek: “Taldea ongi ari da lanean, normaltasunez, eta prest eta sendo dago biharko partidurako”. Ponferradinaren kontrako neurketaren gakoa detaileetan egonen dela ere argi du hondarribiarrak: “Normalean partidu hasiera onak izaten dira taldearenak eta ondotik, egoera desberdinetara moldatzea kostatzen zaigu. Gauza ttikiak aldatu behar ditugunean kostatzen zaigu, hain zuzen ere. Gakoa momentuan bertan taldeak behar duena antzematea izango da eta plan hori aurrera eramatea”.

Valentziako DANAren biktimei eta zaleei keinua

Mikel Llorente entrenatzaileak, biharko partiduaren atariko prentsaurrekoaren aurretik, Valentziako DANAren biktimekin eta zaleekin keinua izan du. Charly Perezen Chiva herriarekin elkartasuna adierazi du Real Unionek eta diru bilketa abiatu du eta zaleei deia egin die prestatzaileak laguntza hori eskeintzeko, bakoitzak ahal duen heinean. Bertzalde, pasa den asteburuan Salamancan, zaleek eskainitako babesa eskertu nahi izan die beraiei. Ez soilik hara joan izanagatik eta partiduan zehar animatzeagatik, baizik eta behin porrota jasotzean, bueltan, Stadium Galen jasotako harreragatik ere.