Mikel Llorente: “Exijentzia handiko partidua izanen da eta joko zuzen hortan indartsu egon behar gara”
Real Unionek Barakaldo jasoko du igande honetan, urriaren 13an, Stadium Galen, denboraldiko zortzigarren neurketa jokatzeko. Igo berri den taldea izanen du aurkari eta dinamika onean dagoena, bigarren sailkatua izatea lortu baitu denboraldi hasiera honetan. Aste gogor baten ondotik, talde txuribeltzak indarrak berreskuratu ditu eta prest dago derbi honi aitzin egiteko.
Aurreko astea gogorra izan zen Real Union jokalari eta teknikarientzat. Aste batean hiru neurketa jokatu zituen, Tarazonakoa baldintza desegokitan, eta bi bidaia luze egin behar izan zituen autobusean, azkena Andorrara denboraldiko lehen porrota ere jasoz. Astelehen eta asteartean atseden hartu ondotik, asteazkenean ekin zioten lanari txuribeltzek eta Mikel Llorente entrenatzaileak argitu duenez, “prest” daude igandeko partidurako.
Barakaldo “arerio gogorra” dela onartu du Llorentek. Hiru urteetan bi igoera lortu ditu segidan eta dinamika onean segitzen duela erakutsi du denboraldi hasiera honetan. Neurketa bakarra galdu du, Sanseren kontra, eta azken hiruetan hiru garaipen lortu ditu, sailkapeneko bigarren postuan kokatuz euren burua. Entrenatzaileak erran duenez, “Lehen RFEF mailako plantilla du Barakaldok azken urteetan. Dinamika ona dute eta entrenatzaile bera ere. Jarraipena ematen diote horrela bolada onari eta goian egoteko plantilla dute”.
Gaurko entrenamenduan landu dituzte txuribeltzek igandera begira beharrezko berezitasunak. “Badakigu exijentzia handiko partidua izango dela. Azken lerroan mina egiten dute eta joko zuzen hortan indartsu egon behar gara, gehiegi ez sufritzeko”, azpimarratu du Llorentek. Igandean 15:30ean jokatuko da neurketa eta berriz ere, zaleentzat “ordutegirik egokiena” ez dela onartu du hondarribiarrak, baina jendea animatu nahi izan du Galera, “beraien laguntzaz partida aurrera eramateko”.