Mikel Llorente: "Defentsiboki asko exijituko gaituzte Andorrako jokalariek"

2024/10/04
Tarazonaren kontrako partiduaren ondotik, Real Unionek Andorra bisitatuko du igandean.
Mikel Llorente: "Defentsiboki asko exijituko gaituzte Andorrako jokalariek"

Real Unionek Andorra bisitatuko du igande honetan, urriaren 6an, denboraldiko zazpigarren jardunaldia jokatzeko. Tarazonaren kontra hutsera berdindu ondotik, Bigarren Mailatik jeitsi berria den taldea bisitatu beharko dute txuribeltzek. Mikel Llorente entrenatzaileak erran duenez, arerio gogorra eta asko exijituko duena.

Mikel Llorenteren taldeak Andorra bisitatuko du igande honetan. Entrenatzaileak berak jakinarazi duenez, “arerio oso gogorra eta testuinguru zail batean”, eginen dute bidaia txuribeltzek. Izan ere, Bigarren Mailatik jeitsi berria den taldea da Andorra eta “maila handiko” jokalariak dituztela argitu du Llorentek: “Konbinatiboki jokalari oso dinamikoak dira. Gainera, estruktura desberdinak erabiltzen dituzte erasoko jokoan. Sentsazioa dut defentsiboki asko exijituko gaituztela”.

Edonola ere, Real Union prest dagoela ziurtatu du hondarribiarrak: “Taldea ondo dago. Asteazkeneko esfortzutik ondo errekuperatu da, eta jokalari guztiak prest ditugu”. Astetartez partidua edukitzea ez du eraginik izan taldearen lan dinamikan eta “lehiakorrak izaten segitu” dutela adierazi du Llorentek, azpimarratuz “22 jokalariek minutuan izan dituztela sei jardunalditan eta horietatik 21 titularrak izan direla”.

Entrenamenduei dagokionez, astetartez neurketa jokatu dutela kontuan hartuz, “lan karga ongi kontrolatu” behar izan dutela aipatu du entrenatzaileak. Gaur fisikoa baino, taktika landu dute eta bihar, Andorran bertan eginen dute partiduaren aitzineko azken entrenamendua. Hala ere, argi dute landu beharrekoa bertze behin euren estiloa dela: “Gure estiloa landuko dugu. Arerioak detaile txiki batzuk lantzera behartzen zaitu, baina gure estiloa markatuko dugu. Gure plana aurrera eramaten saiatuko gara eta protagonistak izaten”.