MIKEL LLORENTE: “AURREKO ASTEKO PARTIDUAREN LEHEN ZATIARI JARRAIPENA EMATEN SAIATUKO GARA”

2024/09/13
MIKEL LLORENTE: “AURREKO ASTEKO PARTIDUAREN LEHEN ZATIARI JARRAIPENA EMATEN SAIATUKO GARA”

Real Union bueltan izanen da etxean, igande honetan, Amorebieta jasotzeko

Real Union etxera bueltatuko da asteburu honetan. Pasa den jardunaldian, Taxoaren, garaipena eskuratu ondotik, Stadium Galen jasoko du Amorebieta. Neurketa irailaren 15ean ospatuko da, igandean, 19:30ean.

Mikel Llorente entrenatzaileak aipatu duenez, “bi garaipen eta gero gogotsu” dago taldea Stadium Galen jokatzeko. Pasa den asteburuan Taxoaren “zaleen babesa somatu” zutela erran du, jende andana hurbildu baitzen Iruñeara taldea animatzera. Horren ondotik, txuribeltzak prest eta gogoz daude berriz ere babes berbera sentitzeko, oraingo honetan etxean.

Igandeko arerioa ez da makala gainera. Amorebieta jasoko du Real Unionek, Bigarren Mailatik jeitsi berria den taldea. Lehen jardunaldiekin konparatuz, aurkari desberdina izanen dute oraingoan Galen. Llorentek erran duenez, “ez dute denboraldia ongi hasi, baina talde gogorra da eta plantilla ona du”. Lehen RFEF mailan “arerio samurrik” ez dagoela ere gaineratu du.

Amorebietaren gaitasunak azpimarratu ditu prestatzaileak: “Hegaleko jokalari garrantzitsuak ditu eta trantsizioetan ondo moldatzen dira”. Horri aitzin egiteko, Real Unionek “aurreko asteko lehen zatiari jarraipena” ematen saiatu behar dela argi du hondarribiarrak, “oso protagonistak” izan baitziren eta “baloiarekin eroso” egon ziren. Horrela, partiduaren gakoa “baloiaren galera sahiestea” izanen da segida onak eginda.

Bi saioen faltan, talde txuribeltzak zenbait jokalari ditu zalantzan. Hala ere, ongi daudela azpimarratu du Llorentek eta sentsazioa du denak ailegatuko direla igandean jokatuko duten partidura.