Mikel Bengoa: “Nahi genuen plantilla dugu eta ez ditugu sartze gehiago aurreikusten”

2025/02/05
Real Unionek neguko merkatua itxi du, bi ateraldi eta sartze batekin. Alex Lozano eta Yeimar Mosquera bere jatorrizko klubetara bueltatu dira, nahiz eta Lozano utzita jokatuko duen San Fernandon. Bertzalde, Mosqueraren falta ordezkatzeko, talde txuribeltzak Joan Puig sartu du plantillan.
Mikel Bengoa: “Nahi genuen plantilla dugu eta ez ditugu sartze gehiago aurreikusten”

Real Unionek neguko merkatua itxi du bi ateraldi eta sartze batekin, Mikel Bengoa kirol zuzendariak prentsaren aurrean adierazi duen bezala. Urtarrila honetan, alde batetik, Alex Lozano eta Yeimar Mosquera euren jatorrizko taldeetara bueltatu dira. Alex Lozano Sporting de Gijonera itzuli da, baina klub horrek erabakita, orain San Fernandon jokatuko du utzita. Yeimar Mosquera aldiz, Aston Villara itzuli da, talde ingelesak erabakita. Kolonbiarraren falta ordezkatzeko, talde txuribeltzak Joan Puig jokalaria sartu du plantillan. 

Pozik azaldu da Mikel Bengoa Real Uniongo kirol zuzendaria neguko merkatuaren itxierarekin. Aldaketak egon dira plantillan, baina ez du taldearen egonkortasunean eraginik izan. Alex Lozanok eta Yeimar Mosquerak alde egin behar izan dute talde txuribeltzetik. Kolonbiarra Aston Villara itzuli da, bere herrialdeko selekzioarekin egon ondotik. “Jatorrizko klubak potentziala ikusi du jokalari honengan eta eurekin hazte nahi dute epe motzean. Gainera, uste baino denbora luzeagoan ez zen Real Unionentzat libre egonen, Kolonbiako selekzioarekin emaitza onak bildu dituelako. Beraz, Irunera buelta luzatu beharrean zegoen eta Aston Villara bueltatzeak guri ere laguntzen gintuen, epe motzean beharrezkoa genuen bertze jokalari bat ekartzeko”, onartu du Bengoak. 

Horrela, Joan Puig sartu du azken astean Real Unionek bere plantillan: “Kontrolatua genuen jokalaria zen, bai klubaren aldetik, baita entrenatzailearen aldetik ere. Ekartzea erabaki genuen eta dagoeneko minutu batzuk jokatu zituen igandean Lasesarren”. Aldaketa hauez gain, talde txuribeltzeko bertze jokalari batzuk ere eskaintzak jaso dituztela adierazi du kirol zuzendariak, tartean, Ander Vidorretak Recreativo de Huelvara joatekoa. Hala ere, eskaintza hau balorean jarri ondotik, Irunen gelditzea erabaki dute eta pozik daude erabakiarekin: “Nahi dugun plantilla dugu %100-ean. Jokalariak konprometituak daude klubarekin eta guk eurengan konfiantza dugu, ditugunekin bukaeraraino joango gara eta denboraldia aterako dugu”. 

Horrela bada, Real Unionek ez du bertze sartzerik aurreikusten: “Hasiera batean ez dugu bertze sartzerik aurreikusten. Beti gaude merkatuarekin harremanetan, baina egoera bereziren bat ez bada, ez dugu bertze sartzerik izango. Klubak erabaki dugu beharretan gaudenetan bigarren taldeko jokalariengana joko dugula, lehen taldeko dinamikan baitaude horietako batzuk eta kalitatea emango diote Real Unioni”.  

Real Unionen hurrengo erronka igandeko partidua izango da

Mikel Bengoak ez du epe luzera begiratzen, baizik eta hurrengo igandera, hor baitago taldearen hurrengo erronka, Unionistas de Salamanca taldearen kontrako partidua hain zuzen ere. Kirol zuzendariak aipatu duenez, “denboraldia ongi hasi genuen eta ondotik desegonkortasuna bizitu dugu, gure errendimendua jeitsiz. Orain, gora egiten ari gara berriz eta ezin dugu gure begirada urrunean jarri. Epe motzeko helburuak behar ditugu eta horiek igandean daude. Orduan emaitza ona lortu, aurrerapausu bat eman eta hazten joango gara”. Sailkapenari begira ere ari dira txuribeltzak. Ez hainbertze kokapena, baizik eta jokalarien errendimendua mailak eskatzen duenari egokitzea. Horretarako, konbentziturik daude duten plantilla gaztean eta hauek egiten duten eguneroko lanean egonen dela gora egiteko gakoa.