MIKEL BENGOA IZANGO DA REAL UNIONEKO KIROL ZUZENDARIA
Atzo goizean sinatu zuen Bengoak kontratua eta uztailaren 1etik aurrera hasiko da klub txuribeltzean lanean
Real Union Klubak atzo jakitera eman zuenez, Mikel Bengoa izango da klubeko kirol zuzendari berria. Gasteiztarrak atzo goizean sinatu zuen kontratua Stadium Galeko instalakuntzan eta uztailaren 1etik aurrera hasiko da bertan lanean.
Mikel Bengoa Deportivo Alaves taldetik dator. Azken lau denboraldietan Gasteizko klubean aritu da idazkaritza teknikoan lanean, harrobiko futbolerako eta futbol profesionalerako jokalarien hautaketa eginez. Aurretik ere, 16 urtez azpiko Euskadiko hautatzailea izan zen Bengoa, 2015 eta 2018 urteen artean.
Gasteiztarrak “ilusioz nago Real Unioneko Administrazio Kontseiluak eman didan aukerarekin, eta nire aletxoa proiektura ekartzeko gogoz nator”, adierazi du. "Mikel Bengoarekin, batetik, orain arte egindako lanari jarraipena eman nahi diogu, lehendik dagoen egituran integratuz, eta, bestetik, gosea eta eboluzionatzeko gogoa ekarri nahi ditugu, bai kolektiboan, bai indibidualean. Mikel gaztea da, baina ibilbide oparoa du Deportivo Alaveseko idazkaritza teknikoan”, azpimarratu du Igor Emeryk, Real Unioneko Administrazio Kontseiluko presidenteak.