Mikel Albeniz eta Olatz Zabala izan dira azkarrenak Beñat Elzo lasterketan

2015/11/02
Mikel Albeniz eta Olatz Zabala izan dira azkarrenak Beñat Elzo lasterketan

Beñat Elzo hondarribiarra omendu zuen igandean, bigarren aldiz, Biosnar elkarteak antolatutako lasterketak. Guztira 1.400 parte hartzaile izan ziren hiru jardueretan, oinezko mendi martxa eta familien lasterketa kontuan hartuta.

Mendi lasterketa nagusian, 320 korrikalari aritu ziren, iaz baino 30 gutxiago. Joan den urtean bezala, Mikel Albeniz donostiarra izan zen azkarrena, 40:09ko denborarekin, oraingoan. Gonzalo Carrión arraunlari hondarribiarra eta Javier Urbano irundarra izan zituen ondoan podiumean. Emakumeen artean, Olatz Zabala piraguista irundarra heldu zen lehen tokian, 51:15eko markarekin. Ana Cruz pasaitarra izan zen bigarren, eta Mónica Telletxea irundarra hirugarren.

10'750km-ko ibilbidea osatu behar izan dute aurten mendi lasterketako korrikalariek. Bildutako dirua Jara Tomé irundarraren familiari emango diote, SHUA gaixotasun arraroa ikertzeko.