Mendi lasterketen asteburua egingo dute Aiako Harrian
Sky Games asteburuaren hirugarren edizioa antolatu du Irungo Erlaitz Mendi Elkarteak. Larunbatean kilometro erdi bertikala irtengo da 15:30etan Endarlatsatik. 2,5km-ko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek, 500m-ko desnibela gaindituta. %25eko bataz bestekoa izango du maldak. “Lasterketa azkarra eta gogorra da”, baieztatu du Gorka Leal antolatzaileak.
Igandean Erlaitz-Aiako Harria Mendi Maratoi Erdia egingo dute, bosgarren aldiz. 21km-ko ibilbidea du lasterketak, eta 2.700 m-ko desnibel metatua. Proba Euskadiko Kopan sartu dutela azpimarratu du Gorka Lealek: “Izen emateetan nabaritu dugu. Hamabi ordutan agortu ziren 350 dortsalak”. Goizeko 9:00etan irtengo da mendi lasterketa, Ola sagardotegitik. Larunbatean korrikalariaren azoka egingo dute sagardotegian.