MENDI EGUNA OSPATUKO DUTE BIHAR BERAN

2024/01/12
MENDI EGUNA OSPATUKO DUTE BIHAR BERAN
Mendian hildako hiru bortziritarren omenez sortu zen Mendi Eguna Beran. Orain dela hamazazpi urte Luis Mari Pikabea “Loro”-k, Xabier Saralegik eta Xabier Zubietak bizia galdu zuten Taillon eskalatzen ari zirela, eta beraiek oroitzeko eguna izanen da aurtengoa ere. Urtarrilaren 13an, larunbatean, XVII. Mendi Eguna ospatuko dute Beran. Manttale Lasterketa Taldeak eta Agerra Mendi Taldeak antolatzen dute elkarlanean eta egun osoko egitaraua prestatu dute aurten ere. Goizeko 9:30ean hasiko dute eguna mendi irteerarekin eta arratsaldeko 19:00etan borobildu, “Mundua arnastu nahian” dokumentalaren proiekzioarekin. Iñaki Pikabea Manttale Lasterketa taldeko kideak aipatu duenez, mendian hildako hiru bortziritarren omenez sortu zen Mendi Eguna Beran. 2007ko urtarrilaren 13an Luis Mari Pikabea “Loro”, Xabier Saralegi eta Xabier Zubietaren gorpuak aurkitu zituzten Taillon mendian. Hiruak bizia galdua zuten eskalatzen ari zirela. Ezbehar horren ondotik, Mendi Eguna antolatzen hasi ziren, hiru mendizaleak sortua zuten Manttale Taldearen eskutik, eta beraiek oroimenean edukitzeko helburuarekin. Aurten, zorigaiztoko egun horren urteurrenean ospatuko da XVII. Mendi Eguna. Pikabeak berak xehatu digu prest duten egitaraua. Goizeko 9:30ean hasiko dute eguna, hiru orduko mendi irteera batekin. Arratsaldez berriz, 15:00etan segituko dute haurrentzako lasterketaren eta binakako kronoigoeraren izen emateekin eta dortsalen banaketarekin. Ordu berean, Santa Barbarara ibilaldi gidatua eginen dute eta ordu laurden beranduago, haurrentzako lasterketa izanen da. 15:30ean berriz, Binakako kronoigoera ospatuko dute Santa Barbarara. Azkenik, berendua eta zozketak egin ondotik, eguna borobiltzeko, 19:00etan “Mundua arnastu nahian” dokumentalaren proiekzioa eginen dute. Horrez gain, urtarrilaren 12an, ortziralean, “Nepaldada” dokumentala ere emanen dute Berako Kultur Etxean, eta horrekin hasiera emanen diote hain berezia izanen den aurtengo XVII. Mendi Eguna Beran.