Mendi Eguna ospatuko dute asteburuan Beran
Urtarrilaren 13an hemezortzi urte beteko dira Xabier Zubieta, Luis Mari Pikabea eta Xabier Saralegi mendizale bortziritarrak Taillon mendian zendu zirenetik. Izenak dion bezain beltza izan zen 2007. urteko ilbeltza bortziritarrentzat; izan ere, aipaturikoek mendi istripua izan baino astebete lehenago aritu ziren Unai Etxepare lesakarraren gorpuaren erreskate lanetan Pirinioetako Anayet mendian. Egun gutxietara izan zuten ezbeharra Tailloneko iparraldeko pareta igotzen ari zirela. Haien omenez antolatzen dute Mendi Eguna urtero Manttale eta Agerra mendi taldeek, eta aurten ere heltzear da hitzordua: heldu den larunbatean izanen da, urtarrilaren 11an.
Urteroko antzeko formatua izanen du ospakizunak. Hitzordu nagusiena larunbatean Santa Barbarako kronoigoera izanen da. Lasterketa ikusteko oinezkoen irteera 15:00etan jarri dute kiroldegian eta haurrentzako lasterketa 15:15etan hasiko da. 15:30etan izanen da nagusien proba, eta izenak dion moduan Santa Barabarara edo Larretagainara igo beharko dira lasterkariak. 16 urtetik beheitiko parte hartzaileek heldu batekin osatu beharko dute proba eta kiroldegiko zelaitik hasiko dira hauek ere. 5,5 kilometroko ibilbidea izanen da egin beharrekoa eta izen ematea egunean bertan eginen da, 14:15etatik aitzin. Hala ere, lehenago egin nahi duenak aukera du Berako Pikabea harategian edo Purienean, baita manttaletaldea@gmail.com helbide elektronikora mezu bat idatzita ere.
Lasterketa bukatuta, luntxean indarrak hartu eta sarien zozketa eginda, Kultur Etxean Ekaitz Maizen Mum Brakk II. Izan gorri, mamuon betiko argi dokumentalaren emanaldia izanen da. Bertan bildu dute Josu Linazak eta Markel eta Oier de la Fuente anaiek Mun Brak II.aren (5.430 metro) orratzera egindako lehen igoeran bizitakoa. Biharamunean borobilduko dute asteburua eta 8. mugarriraino eginen dute mendi irteera, Postan barna. Manttaletik igarota Ibardinen eginen dute hamaiketakoa eta Usategietatik jaitsiko dira herrira.
Mendiak kendu bezain bertze ematen duelako
Pasa den urtean Iñaki Pikabea antolatzailea eta hildako hirukotearen senide eta laguna izan genuen gurean, eta bera ere mendizalea izanik, aitortu zigun kendu bezain bertze eman diela mendiak eta hargatik ekin ziotela Mendi Eguna antolatzeari. Manttale Mendi Taldea bera sortze bidean zenean suertatu zen Tailloneko ezbeharra, eta hirukoteak ekindako bideari segida ematea deliberatu zuten ingurukoek. Pikabea, Zubieta eta Saralegiren ideia zen kronoigoera bat egitea Bortziri inguruan, eta istripuaren ostean haien lekukoa hartuta lanean hasi zen taldetxo bat.
Ospakizun egun gisa hartzen dute geroztik Berako Mendi Eguna. Kronoigoera ez da ohiko lasterketa bat, nahi duenak badu markaren bat egiteko aukera baina bikoteka egiten da eta ez da sailkapenik izaten. Lehiaz gaindi, bertzelako erranahi bat du proba honek. Nahi duen oro gonbidatzen dute parte hartzera.