MELEAK BUELTAN DIRA
Hiru aste jokatu gabe egon ostean, Txingudi Errugbi Klubak Euskadiko Senior Ligako jardunaldi berria jokatuko du larunbatean. Denboraldi-aurrean aurkari izan zuen Bera Bera B izango dute aurrean.
Zaisa Txingudi Errugbi Kluba, hiru jardunaldi entrenatzen soilik aritu ostean, larunbatean itzuliko da lehiaketara. Partida ateak itxita jokatuko da eta Berar Bera B talde donostiarra izango dute arerio, Plaiaundin,16:00etan. Atzeratutako partida baten ondoren, atseden eguna eta ligarik gabeko asteburuaren ondotik, hilabete igaro da bidasotarrek Atletikoren aurka irabazi zutenetik.
Txingudi Errugbi Klubak ‘normaltasunean’ Plaiaundin entrenatzen jarraitu du, eta partida erritmoa galdu duen arren, jokalariak ondo berreskuratzeko eta taldearen pieza guztiak ondo egokitzeko baliatu du atsedenaldi luze hau. Iñigo Camareroren, Txingudi Errugbi Klubeko entrenatzailearen, arabera, “taldea oso motibatuta eta fisikoki momentu onean dago”.
Denboraldi-aurrean, Bera Beraren aurka jokatu zuen talde bidasotarrak eta orduan, donostiarren garaipenarekin amaitu zen. Hala ere, prestaketak ez du zerikusirik eta ez ditu puntuak ematen. “Txingudik du talderik prestatuena”, argudiatu du Camarerok. Bera Berak ligako jardunaldi guztietan jokatu du eta horietatik bina partidu irabazi eta galdu ditu. Hain zuzen ere, azken partida Gernikaren aurka galdu zuen talde donostiarrak. Azken partiden emaitzak alde batera utzita, bi taldeek oso ondo ezagutzen dute elkar eta partidak oso lehiatuak izan ohi dira. Ez da gutxiago espero larunbat honetarako.