MATHEUS DA SILVA, BI URTE GEHIAGO IRUNEN
C.D. Bidasoak eta Matheus Da Silva jokalari brasildarrak 2023ko ekainaren 30era arte talde irundarrean jarraitzeko adostu dute.
Defentsa lerroko jokalari garrantzitsuenetako bat bi urterako ziurtatu du Bidasoak. Matheus Da Silva 2019-2020 denboraldian iritsi zen Irunera eta jokatutako bi denboraldiak “oso esperientzia onak izan direla” aitortu du. Gustora dago Irunen eta Bidasoan; horren erakusle adostu duten kontratu berria da: “asko hazi naiz arlo pertsonalean eta kirol arloan, eta asko ikasi ahal izan dut hemen ditugun jokalariekin eta entrenatzailearekin".
Partidu handiak jokatu ditu Da Silvak Artalekun, lehen aldiz, Europako Txapelketetan aritu da jokalari brasildarra: “harrigarria izan da talde handien aurka jokatzea, Europan jokatzea, Artalekun jokatzea, pabiloia beteta, hori berriro ikusteak ilusio handia egiten dit".
Hain zuzen ere, Artalekuko harmailak berriro beteta ikusteko “irrikaz” dagoela aitortu du eta jarraitzeagatik “pozik” agertu da. Honako hitz hauekin azaldu du datozen bi urteak Bidasoan jarraitzeko erabakia: “Europan eta Sacyr ASOBAL Ligan lehen postuetan egoteko helburu argiak dituelako jarraitu nahi dut, hori niretzat, kirolari gisa, funtsezkoa da".