MARTXOAREN 10EAN OSPATUKO DUTE LESAKAKO V MENDI LASTERKETA

2024/03/05
MARTXOAREN 10EAN OSPATUKO DUTE LESAKAKO V MENDI LASTERKETA

14 kilometro luze eta 900 metroko malda positiboa izanen du aurten ere probak

Beti Gazte elkarteak Lesakako Mendi Lasterketa antolatu du aurten ere. Bostgarren edizioa izanen da eta martxoaren 10ean, igandean, ospatuko da. Ohiko ibilbidea izanen du probak, 14 kilometro luze duena eta 900 metroko malda positiboa. Dagoeneko 200 partehartzaile daude izena emanda proban, baina oraindik ere inskripzioak irekita daude.

Bostgarren aldiz eginen dute martxoaren 10ean Lesakako Mendi Lasterketa. Ohiko ibilbidea izanen du probak, 14 kilometro luze eta 900 metroko malda positiboa duena. Lesakako Plaza Zaharrean hasiko da, 10:00etan, eta Frain (455m) eta Unanua (650m) igo ondotik, herriko leku berean bukatuko da.

Dagoeneko 200 bat partehartzaileek eman dute izena, baina izen emateak oraindik irekita egonen dira heldu den martxoaren 8ko 20:00ak bitarte, www.kronoak.com webgunean. Egunean berean ezinen da izena eman, soilik online egiteko aukera egonen baita. Prezio orokorra 22 eurokoa da eta Beti Gazteko bazkideek 19 euroan lor dezakete dortsala.

Dortsal banaketa berriz, larunbatean hasiko da, martxoaren 9an. Beti Gazte elkartearen egoitzan (Beheko Plaza 9, 1. solairua) banatuko dituzte, hain zuzen ere, 16:30etik 18:30era. Egunean berean ere, dortsala hartzeko aukera egonen da plazan, probaren aitzinetik (8:00-9:30).

Beti Gazte elkarteak, gainera, bolondresak eskatu ditu probaren egunean zenbait lanetan laguntzeko: dortsal banaketa, irteera eta helmugaren muntaketan, proban zeharreko bidegurutzetan edota anoa guneetan. Edozein modutan lagundu nahi duenak 626 11 81 23 (Argiñe) telefonora dei dezake. 

(Argazkia: Pako Santxez)