Martxa hartu du Real Unionek

2015/11/29
Martxa hartu du Real Unionek

GUADALAJARA: Ferrán Ferri; Lee, Robin, Dani Gómez, Manzano; Diakité (David, 71'), Miguélez; Dani Ponce (Iván Rubio, 62'), Dani Iglesias, Marqués; Guillem (Edipo, 62').

REAL UNION: Txusta; Azkoiti, Aimar, Esnaola, Urkizu; Rodellar, Mikel Alonso; Eizmendi (Mujika, 79'), Ozkoidi (Martins, 69'), Barrón (Rivera, 87'); Galán.

GOLA: 0-1: Ozkoidi (19').

EPAILEA: Melgares de Aguilar Fernández. Txartel horiak: Diakité, Dani Ponce, Marqués (Guadalajara); Barrón, Mikel Alonso, Azkoiti (Real Union).

Denboraldiaren hasierako irregulartasuna atzean utzi du Real Unionek. Hiru neurketa irabazi ditu segidan, horietatik bi, etxetik kanpo. Azkena, Guadalajarako Pedro Escartin futbol zelaian. Talde sendoa da Alcarriakoa, baina Real Union gehiago izan da hamabosgarren jardunaldian. Elastiko txuriarekin jokatu dute irundarrek, baina Guadalajarak utzitakoarekin. Gorria eraman du Unionek, eta etxeko taldearena morea denez, bateraezinak zirela erabaki du epaileak.

Azkar ahaztu dute bitxikeria bidasoarrek. Lehen abisua Galanek eman du, jokoz kanpokoagatik baliogabetutako gol batekin. 18.minutuan, Ozkoidik Barronen jokaldi ederra borobildu du, baloia sarera bidalita. Nagusi izan da Real Union lehen zatian. Beste bi gol aukera izan dituzte Aimarrek eta Rodellarrek. Guadalajarak ere izan du markagailua berdintzeko aukera, baina Guillemek huts egin du 41.minutuan, Txustaren aurkako buruz-burukoan.

Bigarren zatian etxeko taldeak eskuratu du baloiaren jabetza, eta pixkanaka jokoa orekatzea lortu du. Gol aukerak sortzeko zailtasunak izan ditu, hala ere. Marquesek izan du onena 64.minutuan, Txustak esku hartu izan baitu gola ekiditeko. Hurrengo minutuan norgehiagoka erabakitzeko zorian izan da Alain Barrón, kontraeraso batean. Behin baino gehiagotan saiatu da Guadalajara Txusta atezaina estutzen, baina irundarrak bikain aritu dira defentsako lanean. Hiru puntu gehiago bildu ditu Unionek, aste gogor bati ekin aurretik. Asteazkenean Rayo Majadahonda hartuko du Federazio Kopan, eta igandean Barakaldo liderra, ligan.