MARMOLES OIASSO REAL UNIONEN BABESLE BERRIA

2022/05/04
MARMOLES OIASSO REAL UNIONEN BABESLE BERRIA

Klub txuribeltza eta Marmoles Oiasso akordio bat sinatu berri dute eta hurrengo urtean Irungo enpresa Real Unionen babesle berria izango da

Real Union eta Marmoles Oiasso S. Coop. akordio batera iritsi dira eta horren ondorioz, Irungo enpresa klub txuribeltzaren babesle berria izango da. 2015ean sortu zen enpresa irundarra eta gaur egun hamalau langile ditu guztira.

Gremio bereko beste enpresa baten itxieraren ondorioz, bertako sei bazkidek sortu zuten Marmoles Oiasso S. Coop. 2015. urtean. Geroztik, gutxinaka langile gehiago sartzen joan dira lantegian eta, gaur egun, hamalau izatera iritsi dira. Langile hauek harri naturalean (marmolak, granitoak, kuartzitak, etab.) zein artifizialean (silestona, portzelanikoak, hala nola, Dektona eta Neolith, etab.) egindako mota guztietako lanetan espezializatuak dira. David Iglesias enpresako kudeatzaile eta bazkideetako batek jakinarazi duenez, “bainugelako, sukaldeko, atarietako, fatxadetako... plakatuak eta zoladurak lantzen ditugu, eta sukaldeko eta bainugelako inguruneetan adituak gara, horiek baitira gure azken jarduera nagusiak. Gaur egun, Marmoles Oiasso osatzen duen giza taldea 14 pertsonakoa da, eta horrek aditzera ematen du 6 urteko ibilbidean izan duen hazkundea”.

Igor Emery Real Unioneko Administrazio Kontseiluko presidenteak Irungo enpresa honek "urte hauetan egin duen ibilbidea azpimarratzekoa da. Sei lankidek elkartzea eta enpresa berri bat martxan jartzea erabaki zuten, eta finkatu eta hazi egin dira, oso denbora gutxian sektorean erreferente bihurtu arte”, adierazi du.