MARKO JEVTIC BIDASOAN ARITUKO DA HELDU DEN DENBORALDIAN
RK Metaloplastika Sabac taldean aritzen da gaur egun pibotea, baita Serbiako selekzioan ere
Bidasoa Klubak jakinarazi duenez, Marko Jevtic-ek Bidasoan jokatuko du datorren denboraldian. Bi aldeak sinatu duten akordioaren arabera, jokalari serbiarrak kontratua bertze bi denboraldiz luzatzeko aukera izanen du.
Jevtic Serbiako RK Metaloplastika Sabac taldetik dator, eta bere herrialdeko selekzioarekin ere aritzen da. Hain zuzen ere, bere taldearekin, Serbiako Supekopa irabazi berri du denboraldi honen hasieran eta Arkus Ligan jokatutako hamabi neurketetan hamalau gol sartu ditu piboteak. EHF European League txapelketan ere ibilbidea du jokalariak. Izan ere, 2021/22 denboraldian, multzo fasera sartzeko kanporaketa bat jokatu zuen taldearekin eta neurketa hartan, hiru gol sartu zituen Jevtic-ek.