Markagailua irauli du Hendaiak

2019/01/10
Markagailua irauli du Hendaiak

Norabide okerra hartu zuen igandeko norgehiagokak Hendaiarentzat. Atsedenaldian pentsaezina zen xurien garaipena. Baina ahaleginari eta iraunkortasunari esker, markagailua iraultzea lortu zuten etxekoek. Lehen zati txarra egin zuen Hendaiak. Jokoa asko lantzen saiatu zen, baina ez zion etekinik atera. Morlaàsek, errugbi sinplea eta klasikoa baliatuta, irakaspena eman zion atsedenaldirako (3-23).

Planteamendua aldatu behar izan zuen Hendaiak bigarren zatiari begira. Jokalarien aldaketek lasaitasun puntua eman zioten, eta pixkanaka jokoaren jabe eginez joan zen. Defentsan sendo aritu ziren hendaiarrak, eta erasoan aurkitu zuten kanpokei min egiteko modua. Jimenez bikain aritu zen jaurtiketetan, eta Battite Chaudièreren entseguarekin markagailuan aurrea hartzea lortu zuen Hendaiak, 68.minutuan. Hortik aurrera, irabazitakoari eusten jarri zuen arreta etxeko taldeak.

Hirugarrena ere mendean hartu du Irunek

Geldiezin segitzen du Zaisa-Irun Rugby Taldeak. Sailkapenean aurretik duen Getxoren Cren etxean irabazi zuen larunbatean (5-29). Puntu bakerreko desabantaila dute orain beltzek hirugarren postuarekiko. Hurrengo jardunaldian, sailkapenaren behealdean dagoen Gaztedi B hartuko du Irunek Plaiaundin.