Mariño Real Unionek puntu bat atera zuen Lakuaren kontrako partidutik
Mariño Real Unionek Lakua taldearen kontra bana berdinduta bukatu zuen pasa den asteburuan. Garaipenik ez zuen lortu eta, alde horretatik, “sentsazio gazi gozoak” izan zituzten etxera bueltan. Hala ere, taldearen dinamikarekin pozik daude irundarrak eta beraz, “jarrera baikorra” dute. Mireia Zumeta jokalari eta kapitainak aipatu duenez, “oso talde gogorra lortzen ari gara eta jarrera baikorra dugu. Hori mantenduz gero, garaipenak lortzea espero dugu”.
Partiduari dagokionez, “zaila” izan zela adierazi du Zumetak: “Egoerara moldatzea zaila egin zaigu, taldea ez genuelako ezagutzen eta beraiek ere oso gogorrak direlako. Ez genuen beraien jokoa espero. Zaila egin zitzaigun baloia mugitzea”. Hala ere, egoerara moldatzen saiatu ziren, nahiz eta garaipenik ez lortu horrekin. Momentu batzuetan ordea, “nagusitasunez jokatu” zutela aipatu du jokalariak. Orokorrean, “partidu arraroa” izan zela iritzi du, nahiz eta “taldearen dinamika ona” azpimarratu nahi izan duen bertze behin. Helburua honekin segitzea izanen da, garaipenak batzen segitzeko.