Mariño Real Unionek puntu bat atera zuen Elorrioko Betiko Neskak taldearen kontra
Eguraldi kaskarrak baldintzatutako partidua jokatu zuen Mariño Real Unionek asteburuan. Elorrioko Betiko Neskak taldea izan zuen aitzinean, eta banako berdinketarekin bukatu zuten. Hainbat aukera izan arren, bakarra sartu zuten bi taldeek eta puntuak ere banatu zituzten honela.
Ane Lopetegui jokalariak erran bezala, “erdipurdiko partidua” jokatu zuten bi taldeek ere. Mariño Real Union “ez zen guztiz kontzentratuta” zelairatu eta, partidu txarra egin ez bazuten ere, “ez genuen jokatu dakigun bezala”, onartu du Lopeteguik. Hainbat aukera izan zituen talde irundarrak gola sartzeko, baina bakarra lortu zuten, aurkariak bezala. Gainera, Elorriokoak “ongi defendatu zirela” azpimarratu du jokalariak.
Batez ere, hotzak eragina izan zuen aipatu du Lopeteguik: “Partidu kaotikoa izan zen eta nahiko gogorra. Oso zaila izan zen beroan sartzea eta hotzez aritu ginen. Horrela, giharrez asko sufritzen dute eta azkenean, honek kalte egin zigun. Partiduaren bukaeran ere, gure taldekide batzuk minduta joan ziren etxera”.
Berdinketa honekin, puntu bat gehiago batu du Mariño Real Unionek sailkapenera. Orain, 29 puntu ditu guztira talde irundarrak eta laugarren sailkatua da. Heldu den asteburuan, Gasteizera joanen da taldea, bertako Lakua taldearen kontra lehiatzeko.