Mariño Real Unionek porrot egin zuen Elorrioren kontra
Mariño Real Unionek 1-2 galdu zuen asteburuan, Ugalde Ventas zelaian, Elorrio taldearen kontra. Bere aurkari zuzena den taldea jaso zuten irundarrek etxean eta penaz ikusi zuten bertan gertatutakoa. Futbol gutxi ikusi zela azpimarratu dute eta beraz, amorruz bizi izan zutela hiru puntuak galtzea.
Lehen zatian ailegatu zen Elorrioren lehen gola, nahiz eta Mariño Real Unionek segidan erantzun eta banako berdinketa jarri atsedenaldira bidean. Hala ere, bigarren zatiaren hasieran, talde bisitariak bigarren gola lortu zuen eta garaipena eraman zuen horrela. Mireia Zumeta jokalariak aipatu duenez, “itsusia izan zen haien jokatzeko modua”. “Beti lurrean, kexaka eta futbol gutxi” jokatu zutela gaineratu du. Horrela, kanpotik ikusita, partidu oso txarra izan zela onartu du Zumetak: “Aitzakia dirudi, baina kanpotik ikusita oso gaizki. Itsusia izan zen partidua eta futbol gutxi ikusi ahal izan zen”.
Honen ondotik, asteburu honetan berriz ere etxean jokatuko du Mariño Real Unionek. Oraingo honetan, Sestao River hartuko dute Ugalde Ventas zelaian, larunbatean (apirilaren 12an) 17:45ean.