Mariño Real Unionek markagailu zabalarekin garaitu zuen Altzarrate taldea
Mariño Real Unionek bertze garaipen bat lortu zuen pasa den igandean Ugalde Ventas zelaian. Altzarrate taldea izan zuten aitzinean eta 12-0eko markagailuarekin jardunaldiko hiru puntuak poltsikoratu zituzten irundarrek.
Ane Lopetegui jokalariak azaldu duenez, ez ziren behar bezala zelairatu Mariño Real Uniongo jokalariak: “Lehen zatian oso intentsitate baxua jarri genuen. Oso manso jokatzen hasi ginen eta guk, normalean, azkarrago jokatzen dugu”. Hala ere, lehen ordu erdia pasatuta, martxa hartzen hasi ziren eta atsedenaldira bidean, lau gol sartzeko aukera aprobetxatu zuten. Bigarren zatian, 4-0eko emaitzarekin, taldea indaberritu zen eta “intentsitate altuagoarekin”, partidu “oso ona” jokatu zuten. Bertze zortzi gol sartuta, 12-0eko behin-betiko markagailua lortu zuen talde irundarrak, baloiaren jabetza guztiz eurena izanda.
Garaipen berri honekin, Mariño Real Union sailkapeneko laugarren postuan dago kokatuta, 43 punturekin. Gibeletik, puntu kopuru berarekin, Eibar C taldea dago eta aitzinetik, Bizkerre, 46 punturekin. Heldu den asteburuan, Bilbao Artizarrak B taldea bisitatuko du Imanol Gomezen taldeak.