Mariño Real Unionek hiru puntu gehiago poltsikoratu zituen etxean
Mariño Real Unionek 2-1eko markagailuarekin irabazi zuen asteburuan Hernaniren kontra. Partidu lehiatu eta parekatu bat jokatu zuten bi taldeek eta horrek markagailuan izan zuen islada. Atsedenaldira banako berdinketarekin ailegatu ziren biak, baina bigarren zatian etxekoek lortu zuten aitzinetik jartzea eta jardunaldiko hiru puntuak poltsikoratzea.
“Nahiko partidu interesgarria" izan zela aipatu du Mireia Zumetako Mariño Real Uniongo jokalari eta kapitainak. Neurketan ongi sartu zirela onartu du eta hasieratik zeudela garaipena lortzeko gogoz. Gakoa “baloiak erditik kentzea” izan zen eta horrela, jokalriak irundarrenak izan ziren gehian bat. June Alzak lortu zuen lehen gola eta aitzinetik jarri zen etxeko taldea. Hala ere, atsedenaldira bidean neurketa berdintzea lortu zuen Hernanik: “Erritmoa mantentzen saiatu ginen, baina momentu batean, gure jokalari batek min hartu zuen belaunean. Konzentrazioa galdu genuen honekin eta Hernani gola sartzeko aprobetxatu zuen”.
Aldageletatik bueltan, erritmoan sartu ziren berriro Imanol Gomezen jokalariak, nahiz eta bi taldeak ere berdinduak egon jokoan. Epaileak orduan, penalti bat adierazi zuen irundarren kontra, baina hauen atezainak gola gelditzea lortu zuen eta horrek indarra eman zion etxeko taldeari garaipenaren bila joateko. “Erritmo gehiagorekin aritu ginen, indarrez eta bigarren gola sartu genuen orduan”, aipatu du Zumetak. Ainhitze Izaguirrek lortu zuen garaipenaren gol hori eta taldeak hiru puntu gehiago batu zituen honela sailkapenean.
Hurrengo asteburuan, Mariño Real Unionek momentu honetan bere aurkari zuzena den Eibar taldea bisitatuko du. Izan ere, bostgarren postuan daude irundarrak, 55 punturekin. Eibartarrak berriz, postu bat gorago daude kokaturik, 56 punturekin.