Mariño Real Unionek hiru puntu eskuratu zituen Sestaon
Mariño Real Unionek Sestaora bidaiatu zuen pasa den asteburuan, bertako Sestao taldearen kontra lehiatzeko. Hiru asteburu kaskarren ondotik, berriz ere garaipenen bidean sartu zen talde irundarra eta 0-3ko markagailuarekin, jardunaldiko hiru puntuak bildu zituen bertan.
Jokalariak “elkarrengandik gertu” egon zirela aipatu du Mireia Zumeta kapitainak. Sestaoren kontra “oso konbinazio onak” egin zituztela onartu du, baita “elkarrekin hitz egin ere”. Mariño Real Unioni honek guztiak lagundu egin zion beharrezko garaipena lortzen. Izan ere, azken hiru jardunaldietan puntu bakarra eskuratua zuen taldeak eta astea ere “nahiko gogorra” izan zen eurentzat. “Emozionalki, batez ere, oso garaipen polita izan zen”, Zumetaren erranetan.
Hiru puntu gehiagorekin, 28 ditu orain guztira Imanol Gomezek taldeak. Sailkapeneko laugarren postuan kokatu da, goiko postuengatik berriz ere borrokatzeko. Heldu den asteburuan, Erandioko Betiko Neskak taldea jasoko dute etxean eta bertze hiru puntu eskuratzeko eta “gogor borrokatzen segitzeko” prest dago taldea.