MARIÑO-REAL UNIONEK GARAIPENAREKIN HASI DU EUSKAL LIGAKO IBILBIDEA

2024/09/10
MARIÑO-REAL UNIONEK GARAIPENAREKIN HASI DU EUSKAL LIGAKO IBILBIDEA
Mariño-Real Union 1
0 Añorga KKE B

Añorga B jaso zuen Ugalde Ventas zelaian eta, gol bat sartuta, etxean gelditu zen garaipena

Mariño-Real Unionek Euskal Ligako lehen jardunaldia jokatu zuen pasa den larunbatean, irailaren 7an, Ugalde Ventas zelaian, Añorga B taldearen kontra. Lehen minutuetan kosta egin bazitzaien ere, Irungo taldeak behetik gora egin zuen eta azken minutuetan sartutako gol bati esker, denboraldiko lehen hiru puntuak ere eskuratu zituen.

Lehen hamar minutuetan “urduritasuna nabaria” zela aipatu du Ane Lopetegui jokalariak. Ez soilik Mariño-Real Union taldearen aldetik, baizik eta Añorgaren aldetik ere. Edonola ere, minutuan pasatu ahala, erosoago sentitu ziren zelaian eta bi taldeak ere antzeko jokoa erakutsi zuten. Lehen zatian bisitariena izan zen baloia, gehien bat, baina ez zuten aukera garbitik sortu eta hutsean gelditu zen markagailua atsedenaldira bidean.

Aldageletan zenbait xehetasunen inguruan aritu zirela azpimarratu du Lopeteguik eta horrek mesede egin ziola etxeko taldeari. Izan ere, behetik gora egin zuten eta bigarren zatian eurena izan zen baloiaren jabetza. Intentsitatea igo eta, partiduaren azken minutuetan, gola sartzea ere lortu zuen Mariño-Real Unionek, 1-0eko markagailua ezarriz behin-betiko.

Orokorrean, “partidu polita” izan zela onartu du Lopeteguik. Añorgak “gauzak erraz ez zituela jarri” ere aipatu du, nahiz eta etxekoek “ilusioz” jokatu zuten Euskal Ligako lehen jardunaldia eta horrek lagundu egin zien aitzinera egiten. Horrez gain, azken asteen lan handia egin dutela ere argitu du eta bi taldeak ere nahiko pareko ibili zirela zelaian. Lehen zatian Añorga nagusitu bazen ere, lehen zatiaren erdialdetik aitzinera, Mariño-Real Unionena izan zen neurketa.

Lehen hiru puntuak poltsikoratuta, ezin hobe hasi dute irundarrek Euskal Ligako ibilbidea. Heldu den asteburuan berriz, kanpoan jokatuko dute denboraldiko bigarren jardunaldia. Ez dute erronka erraza izanen, Real Sociedad C taldea bisitatu beharko baitu, Zubietan, igandean 11:00etan. 

Ane Lopetegui jokalaria: