Mariño Real Unionek bere nagusitasuna erakusten segitzen du
Mariño Real Unionek seigarren garaipena segidan lortu zuen pasa den asteburuan, Basauriko Kimuak taldearen kontra. Nagusitasuna erakutsi zuten bertze behin Basaurin, 2-4ko markagailua erdietsita eta sailkapeneko bigarren postuan egonkortuta daude. Denboraldiaren lehen itzuliaren erdia pasatuta, neurketa bakarra galdu dute irundarrek, Realaren liderraren kontra jokatutakoa hain zuzen ere.
Lehen zatian sartu zuen Mariño Real Unionek lehen gola eta atsedenaldira 1-0ekoarekin joan ziren. Bigarren zatia hasi eta bigarrena ere lortu zuten, nahiz eta Basaurikoek ere beraiena sartu eta pixka bat hurbildu ziren markagailuan. Hurrengo minutuetan tira-bira ibili ziren bi taldeak. Irundarrek hirugarrena sartu baitzuten, baita etxekoak bigarrena ere. Edonola ere, Imanol Gomezen jokalariek laugarrena sartuta, markagailua bere hortan mantendu zen eta 2-4ko emaitzarekin bukatu zen neurketa.
Mireia Zumeta jokalari eta kapitainak partidu “interesgarria” izan zela aipatu du. Basaurikoek euren zelai erdian zulo handia egiten zuten eta hor jakin behar izan zuen Mariño Real Unionek defentsa lan ona egiten. Atsedenaldian, zuzenketak egin eta bigarren zatian jokatzeko modua aldatuta, etxekoen jokamoldera egokitu ziren eta aitzinera egin ahal izan zuten. Zumetak taldekideen “jarrera” azpimarratu nahi izan du, bertze behin erakutsi baitute egoeretara moldatzeko prestutasuna, baita momentu gogorretan lanean segitzen dutela ere.