Mariño Real Unionek Anaitasuna garaitu zuen asteburuan
Mariño Real Unionek bertze garaipen bat lortu zuen pasa den asteburuan Txerloian, Azkoitian. Bertako Anaitasuna taldeari 0-2 irabazita, bertze hiru puntu batu zituen talde irundarrak sailkapenan.
Belar naturaleko zelaiak baldintzatu zuen Mariño Real Unionen jokoa. Ane Lopetegui jokalariak aipatu duenez, “guretzat aldaketa handia izan zen eta faktore horrek ez zigun ondo egin. Zelai artifizialera ohituta gaude eta ez genuen ondo jokatu. Nekatuagoak geunden eta zelaiaren zati batzuk ere gaizki zeuden”. Hala ere, baldintza hauei aurre egin eta lehen zatian, lehen gola sartu zuen talde irundarrak.
Aldageletan, entrenatzaileekin batera, akatsak zuzendu eta bigarren zatian modu intentsoagoan zelairatu ziren Imanol Gomezen jokalariak. Horrela, bigarren gola ere sartu zuten irundarrek eta helburua lortu zuten, hau da, garaipena lortzea. Lopeteguik onartu duenez, “ez zen gure partidurik onena izan, baina irabazi genuen eta hori zen helburua”.
Hiru puntu gehiago batuta, laugarren postuan dago kokatuta Mariño Real Union, 40 punturekin guztira. Heldu den asteburuan, etxean jasoko du talde irundarrak Altzarrate.