Mariño Real Union igoeratik puntu bakarrera

2025/04/29
Irundarrek 0-2 irabazi zuten Erandioko Neskak taldearen kontra. Euskal Ligan jokatu duten lehen denboraldian bikain lan egin ondotik, hiru partiduren faltan, igoera jokatzeko puntu bakarrera daude Imanol Gomezen jokalariak.
Mariño Real Union igoeratik puntu bakarrera
Erandioko Neskak 0
2 Mariño Real Union

Mariño Real Unionek 0-2 irabazi zuen asteburuan Erandioko Neskak taldearen kontra. Bigarren zatian ailegatu ziren bi golak, aurkariaren bertze bi gelditu ondotik. Jardunaldiko hiru puntuak poltsikoratuta, sailkapeneko laugarren postuan daude kokatuta irundarrak, igoera lortzetik puntu bakarrera. 

Mireia Zumeta jokalari eta kapitainak adierazi duenez, Erandioko Neskak-en kontra jokatutako neurketa “ez zen partidu txarra izan”, nahiz eta kosta egin zitzaien erritmoa hartu eta golak sartzea. Lehen zatia hutsera berdinduta bukatu zuten bi taldeek, Zumetak jakinarazi duenez, “nahiko zati ona egin genuen, baina gola ez zen sartzen. Haiek ez zuten arriskurik sortu”. Bigarren zatian iritsi ziren bi golak. Lehenik bizkaitarrek izan zituzten bi aukera segidan, baina Irungo atezainak “bi esku on atera zituen jarraiak eta salbatu gintuen”. Horren ondotik, Mariño Real Unionek lortu zituen bi gol sartzea, penaltiz eta jokaldi baten bitartez, hurrenez hurren, eta 0-2ko behin-betiko emaitza jarri zuten markagailuan. 

Garaipen honekin “oso kontent” daudela onartu du Zumetak eta ez da gutiagoko ere. Izan ere, talde irundarra sailkapeneko laugarren postuan dago kokatuta, 64 punturekin guztira, eta puntu bakarrera du igoera jokatzea. Denboraldia bukatzeko hiru jardunaldi soilik gelditzen zaizkie eta “erritmo berarekin” segituko dutela argi dute, Euskal Liga jokatzen duten lehen urtea modu bikainean borobildu ahal izateko.