MARIASUN QUIÑONES, Realeko atezaina: “Ametsa izateaz gainera, erantzukizuna da Realean jokatzea”
Emakumeen Lehen Mailako errebelazioa izan zen Mariasun Quiñones (Hondarribia, 1996), iaz. Sari hori eman dio Marca egunkariak. Denboraldi bikaina eduki zuen Realeko atezainak, eta Europako Txapelketa jokatzeko aukera ere izan zuen, Espainiako selekzioarekin, Holandan. Mariñoko harribitxia da, futbol elkarteak urtetan egindako lanaren seinale.
Hondarribian eman zenituen lehen urratsak?
Bai, ahizparekin, familiarekin eta lagunekin. Lehen pausoak hondartzan eta Puntal auzoan eman nituen. Lehen futbol taldea Hondarribia izan zen. Gero Mariñora joan nintzen, eta oso oroitzapen onak ditut. 13-17 urte arteko epea ez da erraza izaten. Horregatik, garai horretan egindako lagunekin harreman estua egiten da. Nerabezaroa pasata Realera pausoa ematea, Mariñori esker izan da.
Bigarren Mailara igotzea lortu zenuten, orduan. Esperientzia polita?
Bai, baina zaila, aldi berean. Horrek are balio handiagoa ematen dio igoerari. Zorterik onena opa diet Mariñoko neskei. Partidaren bat ikusten egon naiz, eta oso ondo ari dira, egia esan. Ea berriro igotzeko aukera duten.
Nola iritsi zen Realaren deia?
Teknifikazio lana egiten du Realak, jokalari gazteak eramaten dituzte Zubietara entrenatzera. Fitxatu aurretik, astero-astero joaten nintzen ni. Hala ere, ezustekoa izan zen, ez nuen espero. Ni asko disfrutatzen ari nintzen Mariñon. Javier Mariño presidenteak deitu ninduen lehenengo, eta Realeko kirol zuzendariarekin bildu ginen jatetxean. Realarekin jokatu nahi nuen galdetu zidan, eta baiezkoa eman nion.
Zertan antzematen da Mariñoren eta Realaren arteko aldea?
Askoz handiagoa da kluba, arlo guztietan nabaritzen da. Oso profesionalizatua dago dena. Bakoitzak bere rola du, eta bere funtzioak betetzen ditu. Niretzat, mediku zerbitzua beti laguntzeko prest edukitzea, adibidez, diferentzia handia da.
“Buruak klik bat egiten du, eta sinetsi egiten duzu”
Maila handiko prestatzaileak edukiko dituzu, gainera. Asko hobetu duzu?
Bereziki, arlo mentalean. Buruak klik bat egiten du, eta sinetsi egiten duzu. Garai batean, Realean jokatzea ametsa besterik ez zen. Gaur egun, erantzukizuna da. Entrenamenduak kalitatezkoak dira, baina norberak berea eman behar du, bestela ez dago hobetzerik.
Urte bikaina izan zenuen iaz. Jokalari errebelazioaren saria jaso duzu, eta Eurokopa jokatzeko aukera ere eduki zenuen.
Atezainentzako entrenatzaile berezia jarri ziguten, eta eguneroko lanari esker, asko hobetu nuen. Gero Eurokopa jokatzeko aukera eduki nuen. Esperientzia horiek poztu egiten zaituzte, baina ingurukoak harro senti daitezen ere lortzen dute. Hori 21 urteko neska bati gerta dakiokeen gauzarik ederrena da.
Ahizpa bikiarekin jokatu izan duzu txikitatik, Realera joan zinen arte. Nolakoa izan da bideak banatzea?
Bakoitzak bere bidea jarraitu du, baina biak futbolean gabiltza, nahiz eta talde ezberdinetan ibili. Berak nigandik ikasten du, eta nik harengandik. Bera aurrelaria da, ni atezaina, eta futbolari beste ikuspegi batetik begiratzen laguntzen dit. Polita da noizean behin elkarren kontra aritzea. Iaz gertatu zen, Lehen Mailan jokatu zuelako, Oiartzunekin.
Aurtengo denboraldiari begiratuta, azaroaren hasierara arte ez duzue punturik bildu. Gogorra izaten ari da?
Bai, bagenekien hasiera zaila izango zela, aurkari gogorrak genituelako, lehen hiru jardunaldietan. Espero ez genuena zen hurrengo lauetan ere ez genuela punturik eskuratuko. Baina baikorrak izan beharra dugu, bestela, puntuak biltzeko aukerak pasako zaizkigu.
Ez duzue aldaketa handirik egin, iazko taldearekiko. Zer gertatu da?
Egia da. Hiru fitxaketa egin ditugu, eta ondo egokitu dira. Ez dakit, ezin dugu aitzakiarik jarri, aurrera egin beharra dugu. Arazo zehatza zein den ez dakigu, eta azkenean, hori da gehien larritzen gaituena. Giltza non dagoen ahalik eta azkarren aurkitzen ahalegindu behar dugu.
“Gure bizitzaren parte bat baino ez da futbola”
Ligaren maila handituz doa etengabe, baina oraindik ere, zaila da estatuan profesionala izatea, emakumeen futbolean.
Oso zaila da. Futbola gure bizitzaren parte bat baino ez da, ikasten edo lanean gabiltzalako. Dirua beharrezkoa da bizitzan, eta futbolak ematen ez baldin badigu, beste nonbaitetik atera beharra dugu. Pausoak eman dira, baina poliki-poliki doa. Gure helburua ez da gizonezkoen mailara iristea, gure lana saritua izan dadin lortzea, baizik. Emakumeak ere futbolaz bizi gaitezkeela esatera iristea, azken finean.
Zuk zer eskatzen diozu futbolari? Nora heldu nahi zenuke?
Nire helburua da pixkanaka hobetuz joatea. Aurrera pausoak ematea, atzera egin gabe. Epe laburrean, Reala egoera larri honetatik ateratzea.
Beste herrialde batzuk dira erreferentzia, emakumeen futbolean. Atzerrira joatea buruan al duzu?
Momentu honetan ez. Baina lan egiten jarraitu behar dut, horrelako aukeraren bat sortzen baldin bada, prest egoteko, eta pausoa eman ahal izateko.