MAPFRE II. KOPAREN FINALA OSPATUKO DA JAIZUBIAN ASTEBURUAN

2022/10/13
MAPFRE II. KOPAREN FINALA OSPATUKO DA JAIZUBIAN ASTEBURUAN

150 partehartzaile inguru espero dituzte urriaren 15 eta 16an Jaizubian ospatuko den txapelketan

Jaizubia Hipika Klubak Mapfre II. Koparen finala jasoko du asteburu honetan, urriaren 15 eta 16an alegia. Xabi Berrotaran klubeko zuzendari teknikoaren hitzetan, 150 partehartzaile inguru izanen dira txapelketan, maila handiko kirolariak guztiak. Goizeko 9:00etan hasiko dira bi jardunaldiak eta gerturatzen diren ikusleentzat Txingudiko Ikastolan, ikastolaren aurreko zelaian eta Urdanibia Jauregian aparkalekuak jarriko dituzte.

Gaur goizean aurkeztu dute Mapfre II. Koparen finala, Jaizubia Hipika Klubean, Itziar Urtizberea klubeko idazkariak, Xabi Berrotaran zuzendari teknikoak eta Francisco Javier Fraile Martinez Mapfre Gipuzkoako ordezkariak. Bertan aipatu dutenez, 150 partehartzaile inguru espero dituzte eta Berrotaranek berak erran duenez, “proba zorrotzak eta ikusgarriak dira. Gure hirian kalitatezko zaldiak izango ditugu”.

Partehartzaileen artean, gainera, Euskal Herriko kirolari onenak etorriko dira Jaizubiara. Hauek guztiak “1,00 metro eta 1,30 metro arteko oztopo-jauzietan lehiatuko dira, 85x70 metroko geotextilezko kanpoko pistan”, klubetik adierazi duten moduan. Proba egin aitzinetik, 0,50 eta 0,80 metroko jauziekin dinamizazioa ere egonen dela aurreratu dute.

Goizeko 9:00etan emanen zaie hasiera bi egunetako jardunaldiei. Klubetik jakinarazi dute, partehartzaileen eta ikusleen etorrera errazteko, kotxeak aparkatzeko Txingudi Ikastola, ikastola aurreko zelaia eta Urdanibia Jauregia jarriko dutela erabilgarri.

Hau guztiaz gain, bihar ostirala (urriak 14), lehenengo kirolariak bertaratuko dira Jaizubiara, 12:00etatik 18:00etara pistarekin kontaktua egiteko.