Manttale eta Berako Mendi Maratoi Erdia, hurbiletik
Igande honetan, hilaren 13an, mendi lasterkariz beteko da Bera. Guztira 550 parte-hartzaile izanen ditu XIX. Berako Mendi Maratoi Erdiak, eta giroa jada somatzen hasia da herrian. Igandean izanen da hitzordu nagusia, baina Manttale mendi lasterketa taldeak bezperatik abiatuko ditu lasterka aritzeko hitzorduak:
- Berako ttiki trail apirilaren 12an izanen da, larunbatean. 6-13 urte artekoentzat ibilbide ezberdinak proposatuko dira, mailaz-maila.
- Apirilaren 13an bi hitzordu nagusi izanen dira; batetik, VIII. Gazte traila. Goizeko 10:15 eta 10:20etan izanen dira irteera-orduak, eta hemen ere ibilbide ezberdinak izanen dira mailaz-maila 2007. eta 2012. urte artean jaio diren gaztetxoentzat
- Igandean bertan, goizeko 9:30etan Toki-Ona kiroldegitik abiatuko da XIX. Mendi Maratoi Erdia.
Proba nagusian jada ezin daiteke izena eman, dortsalak egun gutxian bukatu baitziren. Gainontzeko hitzorduen informazio guztia Manttaleren webgunean dago ikusgai.
Bide ezberdinak, bakoitzak bere gailurretara
Manttaleko harrobitik atera diren lasterkariek bide ezberdinak egin dituzte. Batzuek urte gehixeago iraun zuten taldean, bertzeak beranduago hasi ziren eta oraindik ere taldearen bueltan dabiltza... bakoitzak bere bidea egin du, bakoitzak bere gailurretara.
Guk ere egin genuen bidea, eta Manttaletik pasa diren lau lagunekin egin genuen mendi-bueltatxoa. Jone Zelaieta beratarra, Ganix Arruti lesakarra, Ainhoa Etxegarai beratarra eta Aimar Zubieta aranztarra hartu genituen bidelagun kontu-kontari aritzeko Berako Santa Barbara edo Larretagainera igo bitartean.