Maitane Melerok eta Ander Aramendik irabazi zuten Txingudi Korrikaren 25. edizioa

2024/10/08
Gipuzkoako Txapelketako irabazleak berriz, Libana Taboada eta Ander Aramendi izan ziren. Iñigo Tumas omentzeko parada ere aprobetxatu zuten, Txingudi Korrikaren 25 edizioetan, hutsik egin gabe, parte hartzeagatik.
Maitane Melerok eta Ander Aramendik irabazi zuten Txingudi Korrikaren 25. edizioa

Inmobiliaria Urme Txingudi Korrika 10K lasterketaren 25. edizioa ospatu zen pasa den igande goizean. Aurten, eskualdeko lasterketa garrantzitisuenetakoa ospatzeaz gain, 10K mailako Gipuzkoako Txapelketa ere jokatu zen eta berrikuntza garrantzitsuak sartu ziren, hala nola, proba igande goizera aldatzea, aurreko edizioetan parte hartutakoek inkestetan hala eskatuta.

Eguraldi eta giro epelarekin joan zen ospakizuna eta guztira 602 lagunek hartu zuten irteera, iaz baino gehiagok. 602 partehartzaileetatik 527k zeharkatu zuten helmuga. Emakumeen kategorian, Maitane Melero nazioarteko atleta izan zen txapeldun, 36:53 minutuko denborarekin. Ane Elzaurdia bigarren izan zen 38:17 minuturekin eta Libana Taboadak itxi zuen podiuma, 41:23 minuturekin, Gipuzkoako txapeldun izendatuta. Bertzalde, laugarren helmugaratu zen Nerea Sarriegi izan zen Gipuzkoako txapeldunorde.  Gizonezkoen lasterketan Aramendi anaiak izan ziren protagonistak. Anderrek irabazi zuen 32:57 minutuko denborarekin eta Mikel anaia izan zen bigarren, sei segundo geroago helmugaratuta (33:03 minutu). Podiuma Jose Antonio Gomez de Arribak osatu zuen, 33:10 minututan bukatuz. Podium bera eduki zuen gizonezkoen Gipuzkoako Txapelketak. 

Emozioa handbike lasterketan

Handbikeen lehiaketank Iñaki Mujika eta Ion Galarragaren arteko lehia zirraragarria ere eskaini zuen. Mujicak alde ttikiarekin lortu zuen garaipena, 20:53 minuturekin, Galarragaren aitzinetik hiru segundo eskasekin (20:56). Dmitry Mashkin izan zen hirugarren sailkatua, 23:48 minuturekin.

Txikienentzako jaia Txingudin Korrika Txiki

Larunbatean, lasterketa nagusia baino egun bat lehenago, Txingudi Korrika Txiki Laboral Kutxaren probak egin ziren Stadium Galeko inguruetan. Haur lasterketetan familia ugari bildu ziren, eta goiz eguzkitsua eta jai giroa izan zuten. Parte hartu zuten haur guztiek 25. urteurrena ospatzeko bisera jaso zuten opari, egunari ukitu berezi bat gehituz.

25. urteurrenaren ospakizuna

Larunbat arratsaldean gainera, urteurrena ospatzeko ekitaldia egin zen Hondarribiko Udaletxean, eta bertan Txingudi Korrikaren aurreko 25 edizioetako irabazleak saritu zituzten. Ekitaldian prentsak eta tokiko agintariek parte hartu zuten, eta omenduei sariak eman zizkieten. Ondoren, bertaratutakoek luntx batez gozatu zuten Klink elkartean.

Antolatzaileek eskerrak eman zizkieten Hondarribia, Hendaia eta Irungo udalei, baita lasterketa posible egin zuten udaltzainei eta boluntarioei ere. Partzuergoari aipamen berezia egin zitzaion, ahalegin gehigarria egin baitzuen urteurrenaren edizio hau ahaztezina izan zedin. Gainera, babesle nagusien babesa aitortu zen, Inmobiliaria URME eta Laboral Kutxa, ekitaldiaren arrakastan lagundu zuten gainerako laguntzaileekin batera.