MAILAZ IGOTZEKO HELBURUA ZAILDU ZAIO ZAISA TXINGUDIRI
Play-offeko joaneko partidua 8-55ko markagailuarekin galdu zuten mugakoek Atletico San Sebastian taldearen kontra
Zaisa Txingudik mailaz igotzeko play-offeko joaneko neurketa jokatu zuen etxean pasa den larunbatean. Atletico San Sebastian izan zuen aurkari eta hauen indarrari ezin aurre eginik gelditu ziren. Azkenean, 8-55ko markagailuarekin galdu zuten mugakoek, eta horrela, denboraldiko helburu nagusia lortzeko aukera zaildu zaie.
Atletico San Sebastianek indarrez hasi zuen partidua Plaiaundin. Euren ohiko eskuko jokoa zelairatu zuten hasieratik, eta lehen hamar minutuetan 17 puntuko aldea ireki zuten markagailuan, bi entsegu, bi eraldaketa eta zigor kolpe baten bidez. Etxekoek honi erantzun behar ziotela ikusi zuten orduan eta lortu ere. Ioritz Francok zigor kolpe bat lortu eta 3-17ko emaitza ipini zuen.
Hurrengo minutuetan, bidasotarrek aurkariaren eremuan jokatu zuten, baina ez zuten baloia lurreratzea lortu eta beraz, egindako entseguak ez zuen baliorik izan. Donostiarren zelaian jokatzen segitu zuten, baina ezin izan zuten puntu gehiago batu. Atleticok berriz, kontraeraso batean hirugarren entsegua lortu eta atsedenaldira 3-24ko markagailuarekin ailegatu ziren.
Talde bisitariak jokalari bat gutxiagorekin hasi zuen bigarren zatia, lehen zatiko azken minutuetan txartel horia jaso zuelako. Hala ere, honek ez zien jokoa zaildu eta laugarren entsegua lortu zuten (3-31). Bidasotarrak orduan, indarra hartu eta Atleticoren defentsan min ematen hasi ziren. Zigor kolpe baten irteeran, eta hainbat fase lortu ondotik, Alberto Robledak bere taldeko lehen marka lortu zuen, eta 8-31ko markagailua eskuratu zuen.
Edonola ere, indarrak gutxitzen joan ziren etxekoen artean eta donostiarrek, hau aprobetxatuta, bi entsegu eta eraldaketa bat egin eta aldea areagotu zuten (8-43). Etxekoek etsita bukatu zuten neurketa, are gehiago aurkariak 8-55eko emaitza lortu zuenean behin-betiko.
Porrot gogorra eta mingarria izan zen hau mugakoentzat, denboraldiko helburua nagusia zailtzen baitzaie honekin. Mailaz igotzeko aukera lortzeko, oraindik ere itzulerako neurketa gelditzen zaie, nahiz eta emaitza honek ia ezerezean uzten dituen taldearen aukerak.
14 eta 16 urtez azpikoak garaile
Seniorrek ez bezala, 14 eta 16 urtez azpikoek garaipen bana eskuratu zituzten asteburuan. Gazteenak Zarautz/Beltzak taldearen aitzinean indarrez nagusitu ziren eta Gipuzkoako Ligako B multzoko lidergotza mantentzen segitzen dute horrela.
16 urtez azpikoek berriz, Uribealdea taldea 22-12ko markagailuarekin garaitu zuten, lau entsegu egin ondotik. Honekin, bortz puntu gehiago batu zituzten euren sailkapenera, denboraldia ongi borobiltzeko.
Emakumeak Bardozen
Klubeko emakumeek ere Lapurdiko US Bardoz taldeak antolatutako topaketan hartu zuten parte. Maider Aizpuruaren eta Asun Gamindezen taldeak entrenamenduak eta ezagutzak elkarbanatu zituzten iparraldeko jokalariekin eta pozik itzuli ziren etxera.