Mailari eusteko helburua eskura du Bidasoak

2017/03/12
Mailari eusteko helburua eskura du Bidasoak

BIDASOA: Zubiria, Beltza, Nonó (5), Odriozola (8), Borragán (4), Azkue (3), Popovic. Dejanovic, Cavero, Vázquez (1), Martínez (1) Crowley (1), Serrano (2), Muiña (4), Basaric.

PUENTE GENIL: De Hita, Cuenca (1), Muñoz (7), Revin, Rudovic (1), Porras (3), Domenech. Castro (3), Moyá, Josic (1), Oliva, Moreira (4), Vázquez (2), Mekaru (4)

MARKAGAILUA: 4-3, 5-5, 9-6, 11-8, 14-9, 16-9 (atsedenaldia), 18-11, 21-14, 23-16, 25-20, 27-22, 29-26.

Hemeretzi puntu ditu, jada, Bidasoa-Irunek, Puente Genil mendean hartu ondoren. Beste puntu batekin aski izan behar luke, hurrengo denboraldian Asobal Ligan jarraitzeko. Izan ere, zortzi puntuko errenta du Irungo taldeak hamabosgarren sailkatuarekiko. Bi gehiago ditu, soilik, seigarren tokian dagoen Anaitasunak. Iruñean jokatuko du Bidasoak, hain zuzen ere, hurrengo jardunaldian.

Azken hitzorduetako maila onari eutsi dio Bidasoak Puente Genilen kontrakoan. Neurketaren hasiera orekatua izan da. Lehen zatiaren bigarren erdian, ordea, abantaila handia hartu du etxeko taldeak. 9-8ra gerturatu da Puente Genil ordu laurdena falta zenean. Baina minutu horietan, erauntsia izan da Bidasoa. Defentsa indartsuari eta eraso azkarrei esker, 16-9ra ihes egin du Cuetararen taldeak.

Bigarren zatian, kontrolpean eduki du partida Bidasoak. 9.minututik 12.era, lehia erabaki du Kauldi Odriozolak, lau gol sartu baititu kontraerasoan (23-14). Hortik aurrera, bolada onak eduki ditu Puente Genilek, eta 25-21era ere murriztu du desabantaila, neurri handi batean, Bidasoaren erlaxazioari eta aldaketei esker. Bidasoak ez dio garaipenari ihes egiten utzi, eta permanentzia ziurtatzeko balio dezaketen bi puntu eskuratu ditu.