Logroñoren krisialdia luzatu du Bidasoak
BIDASOA: Zubiria, Vázquez (1), Beltza, Nonó (4), Kauldi (4), Popovic, Redondo. Ledo (1), Cavero (1), Crowley (3), Serrano (3), Renaud, Salinas (5), Azkue (4), Lancina (1).
LOGROñO: Aginagalde, Kusan (2), Muñoz (1), Kukic (1), Del Arco (2), Fernández (4), Garciandía (1). Krupa, Sánchez (1), Montoro (4), Castro (6), Rocha (3), Garbaya, Paredes, Cadarso.
MARKAGAILUA: 2-2, 5-4, 8-5, 10-7, 12-19, 14-11 (atsedenaldia); 17-12, 20-15, 20-16, 22-21, 24-23, 27-25.
Artalekuko lehen garaipena eskuratu du Bidasoak, Logroño-La Rioja mendean hartuta. Talde indartsua izan da Errioxarra azken urteotan, Naturhouse babeslearen eskutik. Aurten, aldiz, maila handiko jokalariak dituen arren, ez da batere ondo hasi. Garaipen bakarra lortu du, eta Artalekun ere, ez da irabazteko gai izan. Benidormeko garaipenak bultzada eman dio Bidasoari, eta bikain hasi du partida, sendo defentsan, eta bizi erasoan. Aldagelara bost goleko abantailarekin joateko aukera izan du Bidasoak, baina 14-11koa irudikatu du markagailuak, azkenean, atsedenaldian.
Bigarren zatiaren lehen erdian, are gehiago estutu eta neurketa apurtzeko ahalegina egin du Bidasoak. 20-13ra ihes egin du zortzigarren minuturako. Orduan, alabaina, etxekoen beheraldia etorri da. Erasoan trabatu egin da Bidasoa, eta baliabide eskasia agerian utzi du, une batzuetan. Antsietateak ere eragina izan du, partida azkarregi irabazi nahi izateak. Hamar minutu egin ditu Bidasoak golik sartu gabe, eta Logroño berpiztu egin da.
53.minutuan, Castrok berdinketa ezarri du markagailuan, 23-23koarekin. Azken txanpan, kolpeak elkar trukatu dituzte bi taldeek, emozioz beteriko amaiera batean. Artalekuko zaleen babesa lagun izan du Bidasoak. 24-24koarekin, Logroñok arriskatu egin du, atezaina aulkian eseri eta zazpi jokalarirekin erasotuz. Xoan Ledo Bidasoako atezainak, bere atetik gola lortzeko baliatu du aukera. Hurrengo erasoan, penaltia egin dio Monotorok Kauldiri, epaileak kanporatu egin du, eta zumaiarrak ez du zazpi metroko arrastotik hutsik egin. Errioxarren azken aukeran, Rocharen jaurtiketa kanpora joan da, eta Bidasoak baloia berreskuratuta, Jon Vazquezek garaipena ziurtatu du. Lau punturekin, jaitsiera postuetatik aldendu da Artalekuko taldea.