LIGEN JARDUNALDI ERABAKIGARRIEN AURRETIK, AFINATZEN
Aire libreko denboraldia une garrantzitsuenera iristen ari da, ligetako jardunaldia iritsi aurretik, Behe Bidasoa eskualdeko atletak beren markak eta helburuak afinatzen saiatu dira asteburu honetan.
Iker Arotzena eta Tirso Ocaña Salamancan lehiatu ziren.
Denboraldi aparta egiten ari da Iker Arocena eta borobiltze aldera, 23 urtez azpiko Europako Txapelketan sailkatzea du helburu. Txartela lortzeko 7,70 metroko jauzia egin beharra dauka hondarribitarrak; horregatik, Euskadiko Txapelketan lehiatu ordez, minima horren bila joan zen Salamancara.
Txapelketa osoan zehar, oso jauzi erregularrak egin zituen Arotzenak. 7,50 metrotik gorako jauziak egin zituen eta oso oso gutxigatik, zentimetro batengatik, ez zuen bilatzen ari den helburua eskuratu. Jauzi luzeena 7,69 metrokoa izan zen, marka bikaina, baina jauzilaria asebetetzen ez duena.
Ligan bere taldekidea den Tirso Ocañak 100 metroko proban parte hartu zuen. Final erdietan 10,72’’ denbora egin zuen eta finalean, ezin izan zuen zazpigarren postua gainditu. Aurreko txandan baino mantsoago aritu zen Ocaña, 10,82 segundutan egin zituen 100 metroak.
BAT-eko fondistak Kantabriako Corrales hirian.
Urtero bezala, Kantabriar Federazioak Corrales de Buenlako Sari Nagusia antolatu zuen eta bertan, Bidasoa Atletiko Taldeko fondistak eta jaurtitzaile bat parte hartu zuten. Fondisten taldea Jose Gomez de Arribasek, Ana Zabalak eta Adriana del Pradok osatu zuten; lehen biak, 5000 metroetako proba gogorrean parte hartu zuten eta azkenak, 1500 metroko proban lehiatu zen.
Gomez de Arribak 15:13,53 minutu behar izan zituen proba bukatzeko eta Zabalak 17:12,29-ko marka erdietsi zuen. Adriana del Pradok finala 4:35,49-ko denboran bukatu zuen proba. Hain zuzen ere, Adriana del Pradok jokatu zuen finala Sprint Leonen aritzen den Miren Martin irundarrak irabazi zuen. Espainiako Txapelketa Absolutuan parte hartzeko aukera emango liokeen 4:25-eko markaren bila dabil Martin eta Arotzenaren antzera, oso gutxigatik ez zuen denboraldiko helburua gauzatu. 4:26,98 denbora eginez gurutzatu zuen helmuga.
Jaurtiketen demari dagokionez, Irene Muriedas izan zen Corrales de Buenlan lehiatu zen bakarra. Disko jaurtiketak lehiatu eta 38,47 metroko jaurtiketa gauzatu zuen.
31 parte hartzaile Euskadiko Txapelketan.
Larunbat eta igande artean, Durangoko Landakoko atletismoko pistak aire libreko Euskadiko Txapelketa jaso zuen. Bidasoa Atletiko Taldeak parte hartze handia izan zuen bertan, 31 izan ziren Durangon lehiatu ziren talde bidasotarreko atletak. Emakumezkoen parte hartzea izan zen nagusi Bidasoa Atletiko Taldean, 20 emakume atleta bertaratu ziren eta 11 gizon.
Hiru urrezko domina eskuratu zituen BAT-ek. Emakumezkoetan, Sara Mancisidorrek 1500 metroko proba mendean hartu zuen 4:53,39-ko denbora eginez. Gizonezkoetan, Gonzalo Tamayo eta Juan Errandonearen garaipenak nabarmendu behar dira. Tamayok 14,07 metroko pisu jaurtiketa gauzatu zuen eta Errandoneak 7,28 metroko luzera jauzia egin zuen.
Bidasoa Atletiko Taldeak eskuratutako urrezko hiru dominei, beste bost domin gehitu behar zaizkie. Zilarrezko dominak Goizane Garciak eta Malen Orduñak eskuratu zituzten. Lehenak, mailu jaurtiketan 46,29 metroko jaurtiketa egin zuen eta bigarrenak, pertika jauzian 3,65 metroko langa gainditu zuen. Proba berean, Malen de la Fuentek brontzezko domina eskuratu zuen 3,25 metroko langa gaindituta. Podiumeko hirugarren koskara ere Miker Arburua altuera jauzian (1,85m) eta Jone Fuentek 5000 metroko proban (18:17,13) igo ziren.