Lidertzari sendo eutsi dio Hondarribiak
Asteburu bakoitzeko bandera bana lortzen ari da Hondarribia Arraun Elkartea. Oraingoan Pasai San Pedron lortu du, sei luze eta bost ziabogako estropada berezian. 19:28.78ko denborarekin, estropada eremuko marka hobetu du larunbatean. Bi segundoko alde txikia izan du Urdaibairekiko, baina aski izan da “La Caixa” banderak Hondarribirako bidea hartzeko. Dena den, bandera irabazten ez duenean ere, traineru onenen artean eusteko ahalmena du Hondarribiak. Erregulartasunari esker dago sailkapenaren buruan.
Igandean Oriok eman du ezustekoa, Donostian jokatutako “Eusko Label” banderan. Hondarribiarekin eta Urdaibairekin izandako lehia estuaren ondoren, ihes egin du hirugarren luzean. Maila handia eman du San Nikolas ontziak, beste bi aurkari nagusien pare ibil daitekeela erakutsita. Urdaibaik azken txanpan gainditu du Hondarribia, larunbatean galdutako puntua berreskuratzeko. Hala ere, sailkapenean berdeak dira nagusi, zortzi puntuko abantailarekin. Oriok hirugarren tokian kokatzea lortu du Donostiako garaipenari esker. Baina hamalau puntuko desabantaila du oraindik Hondarribiarekiko.