Lidertzaren saria eskuratu du Real Unionek

2019/01/08
Lidertzaren saria eskuratu du Real Unionek

REAL UNION: Tena, Ibarbia, Esnaola, Azkoiti, Morcillo, Rodellar, Mikel Alonso (Iriondo, 74'), Silas, Juan Domínguez, Mujika (Seguin, 66'), Galán (Goikoetxea, 36').

TOLEDO: Manolo, Morales, Tete, Mikel, Garcés, Barranco (Sorribas, 57'), Colinas, De Lerma (Ivan Mateo, 81'), Rufino (Eizmendi, 66'), Megias, Aaron Bueno.

GOLA: 1-0: Galán (25').

EPAILEA: Mateo Montañés. Txartel horiak: Mujika (Real Union); Mikel, Tete (x2), Morales, Barranco, Aaron (Toledo). Txartel gorria: Garcés (Toledo).

Toledo indartsua gainditu eta beste hiru puntu bildu ditu Real Unionek Stadium Galen. Gainera, Real Madrid Bren berdinketaren eta Huescaren porrotaren ondorioz, sailkapeneko lidertza eskuratu du. Puntu bateko abantaila daukate orain txuribeltzek Castillareriko, eta laukoa bosgarren den Getafe Brekiko. 43 punturekin, Bigarren B mailan jarraitzea ia ziurtatuta dauka talde txuribeltzak. Beste garaipen batek matematikoki bermatuko luke. Hortaz, hamalau jardunaldi ditu Unionek amets egiteko.

Sailkapenean bakarrik ez, futbol zelaian ere talde sendoa da Real Union. Toledo zokoratzera irten da lehen minutuetan. Eskuin hegaletik azkar ibili dira Silas eta Ibarbia, eta hamargarren minuturako, txartel horia zeukaten Tete eta Bueno aurkariek. Juan Domínguezek abagune argia izan du, baina atezainak irabazi du buruz-burukoan. 25.minutuan, aldiz, Jorge Galanek ez du hutsik egin. Pase luzea jaso, bi atzelari gainditu eta jaurtiketa gurutzatua egin du, arratsaldeko gol bakarra sartzeko. Ospatzerakoan bizkarraldera eraman du eskua nafarrak. Hamar minutu beranduago, min hartuta utzi behar izan du zelaia.

Atsedenaldiaren aurretik, hamar jokalarirekin utzi du epaileak Toledo, Teteri bigarren txartel horia erakutsi dionean. Bigarrena sartzeko ahalegina egin du orduan Unionek, baina ez du neurketa erabakitzea lortu. Aldagelatik bueltan, partidaren kontrola galdu du Irungo taldeak tarte batez. Jokalari bat gutxiagorekin aritu den arren, aurkari gogorra izan da gaztelarra txuribeltzentzat. Arriskua sortzeko gai izan da, gol aukera argirik eduki ez badu ere. Pixkanaka lasaitasuna berreskuratu, erritmoa mantsotu eta abantailari eusten ahalegindu da Union. Garcesek txartel gorria ikusi duenean bukatu da partida. Bederatzi jokalarirekin gelditu da Toledo, eta ez da gai izan irundarrei azken ezustekoa emateko.