Liderrarekiko aldea murriztu du Hendaiak
ENTENTE ARAMITS 9-28 STADE HENDAIA
Etxetik kanpoko garaipenarekin ekin dio Hendaiako Stadek 2015 urteari. Aramits-en irabazi zuen atzo, nagusitasun osoarekin, gainera. Bederatzi puntu besterik ez zituen egin etxeko taldeak, eta erasoko bonusa eskuratu zuen Hendaiak. St. Medard liderrak ez zuen lortu, eta ezustean neurketa galtzeko zorian izan zen, Fleuranceren kontra (22-21). Ondorioz, lau puntura hurbildu zaio Hendaia, liga bukatzeko zazpi jardunaldi gelditzen direnean.
Garaipen estua Irunek
Goranzko joeran jarraitzen du Euskal Ligako Zaisa-Irunek. Larunbatean 14-12 irabazi zuen Plaiaundin, Gernikaren kontra. Zeharo ezberdinak izan ziren partidaren bi zatiak. Lehenengoan nagusi izan ziren etxekoak, eta 14-3ko abantaila hartu zuten. Bigarrenean bizkaitarren erantzuna iritsi zen, eta hurbil izan zuten garaipena. Gutxigatik aldeari eutsi ondoren, laugarren daude irundarrak sailkapenean.