“LESIOAK KONTUAN HARTUTA, DEFENTSAN EROSO EGON BEHARKO DUGU”

2021/02/19
“LESIOAK KONTUAN HARTUTA, DEFENTSAN EROSO EGON BEHARKO DUGU”

Bidasoak eskubaloira oso ondo jokatzen duen Anaitasuna jasoko du bihar Artalekun. Lesioak tarteko, Euskal Herriko derbia gogorra eta lehiatua izango dela aurreikusten da.

Anaitasunaren aurkako derbia guztiak beti dira bereziak eta gogorrak. Lehen itzulian, Bidasoak ozta-ozta eskuratu zuen garaipena. Neurketa osoan zehar, Anaitasuna mantendu zen markagailuaren aurretik, baina azken 10 minutuetan talde irundarrak norgehiagoka iraultzeko kapazak izan ziren. Balentria ederra egin zuen orduan Jacobo Cuetararen taldeak, 6 goleko errenta 10 minututan buelta eman eta gol batengatik irabazi zuten. Hori Asobal Ligako hirugarren jardunaldian gertatu zen, denbora asko igaro da ordutik eta egoerak asko aldatu dira.

Kezkatuta azaldu da gaur Jacobo Cuetara ostiraletako ohiko prentsaurrekora. “Lesioek asko baldintzatu dezakete neurketa”, adierazi du teknikari asturiarrak. Asteazkenean jakin genuen Kauldi Odriozolaren bajari, Sergio de la Saluden eta Mikel Zabalarena gehitu behar zaizkio. Hori gutxi balitz bezala, Julen Aginagaldek ere neurketa galtzeko aukerak ditu. “Lesioei Anaitasunaren balioak gehitzen badizkiogu, biharko neurketa oso zaila izango dela aurreikus dezakegu”, gehitu du Cuetarak. Izan ere, Bidasoako entrenatzaileak Anaitasunak denboraldi honetan egiten ari den lana goraipatu du: “presiorik gabe oso ondo jokatzen duen taldea da, horregatik goialdeko talde gehienei irabazi die. Oso eskubaloi ona jokatzen dute eta erabakigarriak diren jokalariak dituzte”.

Denak ez dira berri txarrak; hain zuzen ere, azken hilabetean min hartuta ibili den Matheus Da Silva brasildarra berreskuratuko du Bidasoak. Gainera, min hartutako jokalariak kontuan hartuta, defentsa lanetarako behar-beharrezkoa du Bidasoak. Hain justu, Jacobo Cuetara taldea defentsa lanetan “eroso” aurkitu behar dela adierazi du. “Neurketako gakoa defentsan egongo da, defentsaren atzera-egitea sendoa behar du izan eta ezin diegu gol errazak egiten utzi”. Atzeko lana atepeko la non batekin uztartu beharko du Bidasoak. Azken neurketetan Ledok eta Sierrak arazoak izan dituzte arerioen baloiak gelditzeko lanetan, baina biharkoan bolada txarrak ahaztu eta taldeak behar duen laguntza eskaini beharko dute. “Gure atezainak ahalik eta defentsa onenarekin lagunduko ditugu zenbaki onak lor ditzaten. Atepeko lana edozein neurketetan da garrantzitsua, baina biharkoan, gako diferentziala bilaka daiteke”.

Azkenik, Jacobo Cuetarak hitz onak utzi ditu lehen taldean aritzen diren jokalari gazteentzako: “egiten ari diren lana oso ona da eta Puerto Saguntoren aurka argi geratu zen lehen taldearekin datozen bakoitzean jokatzeko aukerak dituztela. Santanok zein Nietok kalitatezko minutuak jokatu zituzten Valentzian”.

Asobal Kopan, errebantxarako aukera. 

Atzo Asobal Kopako zozketa ospatu zen Madrilen eta Bidasoari aurkari ezaguna egokitu zitzaion. Zoriak horrelako gauzak ditu, pasaden urtean finaletik kanpo utzi zuen BM Benidormen aurka arituko baita Bidasoa. Bada, errebantxarako aukera izango du Bidasoak bi aste barru.

Horretaz gain, biderik ‘goxoena’ tokatu zaio Bidasoari; izan ere, final-laurdenak gainditzekotan, Bada Huesca eta Leongo Ademarren aurkako garailearen aurka jokatuko luke final-erdia. Hau da, Bartzelona ahalguztiduna txapelketako koadroko beste aldean arituko da eta final hipotetiko batean soilik arituko lirateke elkarren aurka.