LESAKAKO BETI GAZTEK NAFARROAKO 8X8 SOKATIRA TXAPELKETAKO TXAPELA GUZTIAK IRABAZI DITU

2023/11/08
LESAKAKO BETI GAZTEK NAFARROAKO 8X8 SOKATIRA TXAPELKETAKO TXAPELA GUZTIAK IRABAZI DITU

Denboraldiko lehen garaipenak eskuratuta, Euskal Herriko 4x4 Txapelketan lehiatuko dira asteburu honetan

Lesakako Beti Gazte Sokatira Taldeak denboraldiko lehen txapelketa poltsikoratu ditu dagoeneko. Urrian hasi zuten Nafarroako 8x8 Sokatira Txapelketa eta jardunaldi guztiak jokatuta, lesakarrak final guztietako jaun eta jabe egin dira.

Talde mistoen txapelketarekin hasi ziren, urriaren 14an, Leitzan. 560 kilotan lehiatu ziren Beti Gaztekoak eta lehen jardunaldian lider jarrita, urriaren 21ean Antsoainen jokatutako finalean lehen txapela eskuratu zuten. Urriaren hondarreko asteburuan eta azaroaren lehenean berriz, emakumeen 385 kiloko eta gizonezkoen 620 kiloko kategorietako jardunaldiak ospatu ziren. Eta hauetan ere Lesakako Beti Gazte izan zen nagusi, bi taldeetako tiraldi guztiak irabazita.

Denboraldiko lehen hiru txapelak bereganatuta, asteburu honetan Euskal Herriko 4x4 Txapelketa jokatuko dute. Larunbatean, azaroaren 11n, Ibarran banatuko dira lehen txapelak, emakumeen 250 kilokoa eta gizonezkoen 310 kilokoa hain zuzen. Igandean berriz, Antsoainen ospatuko da mistoen 280 kiloko txapelketa. Hiru kategorietan jardunaldi bakarrean erabakiko da irabazlea. Emakumeetan lesakarrek Antsoain, Araxes, Badaoitz, eta Ibarra izanen dute aurkari. Gizonetan, Antsoain, Ibarra, Murueta A eta B eta Zuraide A eta B, eta mistoan azkenik, Ibarra, Abadiño eta Badaiotzen kontra ariko dira. Larunbateko lehia 17:00etan hasiko da, Belabieta Kiroldegian, eta igandekoa berriz goizez izanen da, 11:30ean Idaki Kiroldegian.